NOV. 04 2024 SURFA Dana Killer eta Jardim do Mar, giza ergelkeria agerian uzten duten bi adibide Gizakiaren esku hartzeak desagerrarazi dituen urautsi bikainen zerrenda luzeegia da. Euskal Herrian ere badira adibideak, baina gaurkoan mundu mailako bi adibide esanguratsu ikusiko ditugu: Dana Killer Kalifornian, eta Jardim do Mar, Madeira uhartedian. Surflariak, olatu txikiekin gozatzen, Dana Killer urautsian kirol portua egin aitzin. (SURFERTODAY) Haritz LARRAÑAGA Guggenheim Urdaibai proiektuaren kontra ahotsa altxatu dutenen artean surflariak daude; izan ere, surflariok oso ongi dakigu gizakiak naturan esku hartzen duenean ondorioak izaten direla, eta sarri urautsiak desagertzen direla. Olatuez harago, bertako ekonomian ere eragin dezake urautsi baten desagerpenak, surflariek gero eta eragin handiagoa baitute turismoan. Iñigo Urdinagak bikain azaltzen zuen “Surflaria eta paradisua” liburuan: «Porlanez bete ditugu hondartza eta itsasadarrak, surflari gehiegi dabil han-hemen, eta ez gara antzinako indigena hawaiiarrak baino zoriontsuago». “Progreso” deitzen zaion horrek olatu bikainak ziren leku anitzen heriotza ekarri du. Garai batean olatu ederrak zituzten lekuen zerrenda luzeegia da; beraz, pare bat hautatu ditut gaurko artikulurako. Lehena, Dana Killer urautsi kaliforniarra, Espainiako hegoaldea kolpatu duen tanta hotz edo DANA hitzetik hortzera dabilen honetan artikulu hau idazteko ideia eman didalako, eta bestea, Jardim do Mar, Madeira uhartedian. KILLER DANA Ez du Espainia hegoaldea astindu duen fenomenoarekin zerikusirik, baina Kalifornian izan zen eskuin olatu mitikoaren izena oso ezaguna da surfean. San Clemente eta Laguna Beach-en artean dago Dana Point hiria, eta han lehertzen zen 1930eko hamarkadatik 1960ko hamarkadara arte Kalifornia osoko surflariak biltzen zituen urautsia. Sasoi hartan olatu handiak hartzeko leku hoberena zen, hortik jarri zioten «hiltzaile» (killer) goitizena. Surf modernoari itzelezko indarra eman zion surflari komunitatea Kalifornian garatu zen XX. mendearen erdian, batez ere Malibuko eskuin olatuen inguruan, baina Dana Pointen ere surflari komunitate esanguratsua sortu zen, garai hartan olatu handiak hartzeko urautsi ederrena bertan zelako. Alabaina, 1966ko abuztuaren 29an Dana Pointeko olatuak heriotza zigorrera kondenatu zituzten, AEBetako itsas armadak portu bat eraikitzeko lanei hasiera eman baitzien. Horren ostean, olatuekin batera, surflariak ere desagertu ziren. Garai hartan ez ziren egun bezalako olatu handiak hartzen, Hawaiiko olatu handiak ere oraindik mendean hartzeko zeuden, eta Dana Pointen altxatzen ziren lau metroko eskuin olatu luzeak olatu handietako surflarien paradisua ziren. Olatu txikiekin ere eskuin olatu luzeak altxatzen ziren, baina batez ere ezaguna egin zen Kalifornia hegoaldeko kostaldean olatu handienak hartzeko aukera eskaintzen zuen lekua zelako. JARDIM DO MAR Madeirako eskuin olatua ez da desagertu, baina olatu handietako munduko olatu hoberenetako bat izatetik aukera oso gutxi eskaintzen dituen urautsi bat izatera pasatu zen. «Atlantikoko lorategia» deitzen dute bi uharte nagusik eta beste zenbait uharte txikik osatzen duten Madeirako uhartedia. Klima eta uraren tenperatura epela da urte osoan, Afrikaren parean kokatua baitago, eta Atlantikoko itsaskiak bete-betean jasotzen ditu. Surflari batentzako helmuga ezin hobea izateko osagai garrantzitsuak ditu Madeirak, baina lekuaren berezitasunak kontrako faktoreak ere baditu. Madeiran ez da hondartzarik eta urautsi guztiak haitzen gainean lehertzen dira. Jardim do Mar herrixkaren ondoan altxatzen zen eskuin olatu famatua ere arroken gainean lehertzen zen, baina ondoan malekoi bat eraiki zuten eta 2003. urtetik jada olatuak ez dira lehen bezain luze eta ederrak eta, gainera, soilik itsasbeheran surf egin daiteke. Lehen, itsasoratzeko une egokiena marea erdian zegoenean izaten zen, baina egun olatuak malekoiaren kontra lehertzen dira itsasaldia gora egiten hasten den unean. Olatu handien maitaleentzat helmuga garrantzitsua izan zen Jardim do Mar 90eko hamarkadan. «Hawaii europarra» deitzen zuten 1997an, Billabong Challenge txapelketa antolatu zenean eta, 2000. urtean, taldeen arteko munduko olatu handietako txapelketa antolatu zuen Red Bullek. Urte bat geroago, ordea, urautsiko eremutik arrokak atera eta malekoi bat eraikitzen hasi ziren. Kontrako ahotsak izan ziren; Alberto Joao Madeirako presidente ohiak «surflariak oinutsik ibiltzen ziren turistak» zirela eta haiek esaten zutenak ez zuela garrantzirik esanez kontra egin zien, baina protestak indartu egin ziren eta hasiera batean planifikatu zutena baino malekoi txikiagoa egin zuten. Hala ere, urautsi mitikoa suntsitu zuten, olatuak ez baitira lehen bezala lehertzen. KILLER DANAEz du Espainiako hegoaldea kolpatu duen fenomenoarekin zerikusirik, baina Kalifornian izan zen eskuin olatuaren izena oso ezaguna da. XX. mendearen erdian olatu handiak hartzeko leku onena zen; hori dela-eta jarri zioten «hiltzaile» goitizena. JARDIM DO MARHerriaren ondoan altxatzen zen eskuin olatu famatua arroken gainean lehertzen zen, baina ondoan malekoi bat eraiki zen eta 2003. urtetik jada olatuak ez dira lehen bezain luze eta ederrak eta, gainera, soilik itsasbeheran surf egin daiteke.