NOV. 04 2024 GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA Elustondo, buzoa eta ilusioa jantzita, nagusi Tolosan Nerea Elustondok irabazi zuen atzo final-laurdenetako azkena Tolosan. Hasi eta buka, lanerako buzoa jantzita eta bere-berea duen ironia begiratuarekin, saio aparta osatu zuen. Bigarrena, Maider Arregi, beretik eta dotore. Atzoko saiotik Andoni Rekondok eta Iñaki Manzisidor «Mantxi»-k ere lortu dute finalerdietarako txartela. Nerea Elustondok oso saio ona osatu zuen atzo Tolosako Leidorren. (Gorka RUBIO | FOKU) Amagoia MUJIKA TELLERIA Tolosako Leidor aretoa bertso galako jantzi zen atzo. 800 bertsozale bildu ziren, final-laurdenetan azkena gozatzera. Nerea Elustondok hasieran esan zuenez, «...fase hontako bigarren zaharren eta premenopausika/ baina nerabe konplejuik ezin leiket albora utzi ta/ Leidorra nator buzoa eta ilusioa jantzita». Eta halaxe egin zuen, ariketa guztietan lana eta lana, gaiak bere zapatetatik zorroztuz. Hamarreko nagusian eman zuen lehen kolpea. Iñaki Mantzizidor ‘Mantxi’ eta biak egokitu ziren. Mantxi, fisioterapeuta, eta, Nerea, Behobia-Donostiarako astebeteren faltan bisitan joan zaion pazientea. «Maratoi erdi bat da hura pausuz pausu/ ta astebeten faltan presaka jo ta su/ hemengo ta hango minez heldu zera aizu/ esperantza neregan jarria daukazu/ baina igual Lurdesen probatu ezazu», abiatu zuen bidea Mantxik. Eta, Elustondok, «Etzara konfiantza handiaren jabe/ ikusi nauzunean zure parez pare/ berdin zait transfusio edota jarabe/ Lurdesera joan gabe nahi nuke halare/ behobia bukatu entrenatu gabe». Puntuak erantzuten, bikain eta zortziko txikian ere, oso fin. Ariketa horretan Jon Gurrutxagarekin aritu zen eta bien artean asmatu zuten plaza berotzen. Elustondo, otarra onddoz beteta daraman basozaina. Gurrutxaga, hori ikusi zuen perretxikozalea. «Kuleto eta onddo hainbeste akabo/ basoa dago inoiz baino garbiago/ eta arren etzazu zuk batu gehiago/ aste hontako kupoa otarra hontan dago», bota zuen bigarrena Elustondok. Eta Gurrutxagak, erantzun, «zure jarrerarekin puztu lepazaina/ zuk izan behar omen gure basozaina/ emaidazu gutxinez tortillantzat aiña/ natura guztiontzat ez al genuen baina». MAIDER ARREGI, AHOTS OSO PROPIOA Puntutan bigarrena Maider Arregi izan zen. Hasi eta buka, oso goitik. Asmatu zuen gaietan bide bistakoenetatik apartatzen. Ganbarako lan puntuatuena berea izan zen. Hauxe zuten gaia: Beste begirada batekin begiratu diozu gaur. Arregiren lehena: «Okupatzean nahiz batzuetan jokatzen dugun lepoa/ enaiz adingabekoa/ euskalduna naiz eta izan dut bizitza bat perfektoa/ eta Mohamed tipo alaia gendun gure aldekoa/ bera Marruekosekoa/ nahiz eta argi daukadan nor den goikoa eta nor behekoa/ gure harremana gaur arte izan da beti parez parekoa». Eta bigarrena: «Desalojoa etorri da ta atera dugu bandera/ benga okupak aurrera/ nahiz antolatu hainbat manifa hainbat kontzentra ta greba/ gaur ez diot begiratuko Mohari parez parera/ falta zaionez papera/ ze egoera desberdinean gauden gaur ni eta bera/ nik alkiler bat lortuko dut ta bera joango da kalera». Hirugarrena Andoni Rekondo izan zen. Saio oso ona osatu zuen, baina ganbarako lehen bertsoan egindako potoak estuasun pixka bat sor zezakeen hurrengo faserako pausoan. Azkenean, lortu du aurrera egitea. Poto eta guztiz, ganbarako ederra, «baina gaurkoa ez degu izan uste bezain ona/ beidatu hutsez sumatu baitet jada ez dela aitona», bota zuen lehena. Laugarrena Mantxi; bosgarrena, Jon Gurrutxaga eta seigarrena, Aitor Tatiegi. Saio gozagarria izan zen Tolosakoa eta puntuak puntu, denek eman zuten berea. Honako 18 bertsolariak arituko dira hurrengo fasean: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Unai Mendizabal, Nerea Elustondo, Agin Laburu, Maider Arregi, Asier Azpiroz, Amaia Iturriotz, Andoni Rekondo, Ane Labaka, Eneritz Artetxe, Iñaki Mantzizidor, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Eñaut Martikorena, Oier Etxeberria eta Aner Peritz. Azken txartela 465,5 puntu kostatu da.