Hirugarren garaipena etxetik kanpo, asteburu gogorrean
Gehienbat Valentzia astindu duen tanta hotzagatik Kopako partida bertan behera geratu zen; ez, Sevillako Ligakoa. Kuboren gol ederrak eta Oyarzabalen penaltiak garaipena eman zien txuri-urdinei.
Sevillara joan aurretik, Imanol Alguacilek argi eta garbi esan zuen bera jardunaldi osoa bertan behera uztearen aldekoa zela. Tanta hotzak gehienbat Valentzia astindu du eta bertara bideratutako esfortzuak %100ekoak izan behar dute. Kopan ostegunean Joveren aurka jokatu beharreko lehen kanporaketa atzeratu egin zen -txuri-urdinek oraindik ez dakite noiz jokatu beharko duten-, baina Ligak gainontzeko partidak jokatzeko baimena eman du asteburuan.
Hala, Realak Sevillara bidaiatu du Ramon Sanchez Pizjuan zelaian jokatzeko, eta partida oso serioa eginda, etxetik kanpoko hirugarren garaipen oso garrantzitsua lortu zuen Ligan puntuak biltzen jarraitzeko eta datorren osteguneko Europa Leagueko lehiara begira motibatzeko.
Jokalarien gogoa ziur aski benetan behar zutenei laguntzeko prest egongo zen, baina behin partida jokatu behar zutela ikustean, donostiarrek lehian jarri zituzten indar guztiak eta maila oso ona eskaini zuten Ramon Sanchez Pizjuan futbol-zelaian.
Imanolek, 4-1-4-1 sistemarekin, hasieratik zelairatu zituen Take Kubo eta Javi Lopez. Hala, Sergio Gomez ezkerretik aritu zen, aurrerago, eta japoniarrak kontrako aldean egin zuen, eskuinetik. Aurrean, berriz, Mikel Oyarzabal aritu zen Oskarsson islandiarraren ordez.
Eta Realak oso ondo mimatu zuen baloia lehen zatian. Jokalari guztiak partidan sartuta zeudela ikusten zen. Taldekide guztiei paserako aukera ezberdinak eskaintzea edozein futbolarik nahi duena izaten da, eta lan hori oso ondo egin zuten txuri-urdinek.
Gainera, Take Kubori gogotsu sumatzen zitzaion hasieratik, eta jokalari japoniarra horrela dagoenean geldiezina izaten da. Lehenengo aukera berea izan zen, hirugarren minutuan, ezkerretik barrura eginda, baina baloia kornerrera bidali zuten atzelariek.
Bitartean, Sevillak lehen aldaketa egin behar izan zuen 25. minutuan, derrigortuta, Idumbo lesionatu zelako. Bere ordez Jesus Navas zelairatu zen eta Sevillak baloiaren jabetza handiagoa izan zuen. Hala ere, Realak kolpea eman zuen 34. minutuan Kuboren golarekin. Zubimendik pasea eman zion, atzelarien lerroa oso ondo mantentzen ari zen japoniarrak eskuinean jaso, pixkanaka barrura sartu eta area barruan gola egin zuen.
Horrek min handia egin zion etxeko taldeari. Beste jokaldi batean, Zubimendik baloia lapurtu eta Kubori eman zion, baina asiarra oso motel ibili zen atzelarien aurrean.
Eta lehen zatia amaitu baino lehen, Sucicek ezkerrez bidalitako kanoikada gora joan zen oso gutxigatik.
DENA KONTROLPEAN
Realak golak ematen duen lasaitasunarekin hasi zuen bigarren zatia. Udan iritsi diren jokalari berrien artean, badirudi Sergio Gomez gero eta konfiantza handiagoarekin dabilela. Gainera, bere ezker goxo horrekin, badaki min egiteko gai dela. Hala, halako batean, zelai-erditik ere saiatu zen, baina baloia atezainaren eskuetara joan zen.
Minutu bat beranduago, atzo protagonismo gutxiagorekin -baina langile- aritu zen Brais Mendez galiziarrak izan zuen aukera, baina Kuboren paseaz area kanpotik egindako jaurtiketa kanpora joan zen.
Jokoa berdintzen hasten zen momentuan epaileak VARa kontsultatu eta penaltia adierazi zuen. Mikel Oyarzabal kapitainak ez zuen hutsik egin eta 0-2koa ipini zuen 68. minutuan.
Bi taldeetako entrenatzaileek aldaketak egin zituzten eta Iheanacho 1-2koa egitetik oso gertu egon zen. Imanolek, ordea, Olasagasti eta Magunazelaia gazteei eta lesioaren ostean minutuak behar dituen Aiheni eman zien aukera, aldagela kudeatzea ere garrantzitsua delako.