Ligaxka kirurgikoa osatu du Altunak
Aukerarik txikiena ere ez zion eman Iraitz Zubizarretari Donostian eta, bederatzigarren aldiz jarraian, Lau eta Erdiko finalerdia jokatuko du igandean, Eibarren, Unai Lasoren aurka. Jaka eta Peio Etxeberria lehiatuko dira bestean, larunbatean, Labriten.
Zirujaurik zehatzenaren pare, final-laurdenetako ligaxka kirurgiko bat osatu du Jokin Altunak, atzo Donostiako Atano III.ean Iraitz Zubizarreta txiki utzita, eta kaiolako finalerdietan izango da bederatzigarren urtez jarraian. Iazko sorbaldako arazoak erabat ahaztuta, txapelketa bikaina osatzen ari da amezketarra -bera da finalerdietara partidarik galdu gabe helduko den pilotari bakarra- eta jokatutako hiru partidetan 27 tanto baino ez dizkiote egin Artola (12), Jaka (9) eta Zubizarretaren artean (6). Hurrengo koskan, Unai Laso izango du zain hurrengo igandean Astelenan amezketarrak eta beste finalerdian Jaka eta Peio Etxeberria arituko dira elkarren aurka, egun bat lehenago, Labriten.
Ataungo pilotazaleentzat zita berezia zen atzokoa Atano III.ean, baina etxera burumakur itzuli behar izan zuten, Senarrek eta Iraitz Zubizarretak parean izan zitzaketen aurkari makurrenak izan zituzten-eta parean. Estelarrean, joaterako ederki zekien Zubizarretak Altuna 7 tantotan uztea ia ezinezkoa zuela eta azkenerako bera izan zen zenbaki horretara heltzerik izan ez zuena.
SAKERIK EZ
Utopiara heltzeko sakearekin asko asmatu beharra zuen ataundarrak eta, epailearen txapak lehen aukera eman bazion ere, txapelketan aurrera egiteko batere modurik ez zuela lortu zuen pilota jokoan berak jarrita tantoa egitea. Takadek halako garrantzia duten txapelketan, birritan baino ez zuen egin.
Batere errukirik gabe eta bere lana zein zen ondo barneratuta, Jokin Altunak ez zion beste ezertarako batere aukerarik eman. Pilotakada guztiak zentzuz jota -ezker besagain horrek funtzionatzen duenean liluragarriak dira txokoan luze jotako pilotakada horiek- laster jakinarazi zion Baikoko aurrelariari aurrean zuen maldaren gogortasuna.
Kantxan alderik alde ibilita, goierritarra konturatzerako mundu batek banatzen zituen txapelduna eta hasiberria (7-0). Finalerdiak segituan ziurtatuta ere -8 tanto nahikoak zituen horretarako- amezketarrak ez zuen espekulazioetan nahasteko tentaziorik izan, ez zuen oina azeleragailutik altxatu eta zerrendaburu izateko 13ak ere aitaren batean eskuratu zituen egungo txapeldunak.
Bezperan Lasok Elordiri saketik egindako minari erantzun nahi balio bezala, egungo txapeldunak ere asko asmatu zuen lehen pilotakadarekin eta 10-1ekoan ia erdiak, lau, hasierako jokaldiarekin lortuak zituen.
Erabat txiki sentituta, Zubizarretari Sorian Jakaren aurka gertatutako gauza bera gertatu zitzaion, ez zen lehiakor izateko gai izan eta lehen helburu zuen gozatzea baino, sufritzea tokatu zitzaion historiako handienetako baten aurka.