GARA Euskal Herriko egunkaria

Eszedentzian dauden langileen itzulera ukatu du Michelinek


«Akordioz lanpostua gordeta duten eta esperientziadun langileak berriz ere haien lanera itzultzea eragozten ari da Michelin. Eta hauek kalean ikusten dute euren burua, lanera bueltatzea tokatzen zaienean», salatu zuen LAB sindikatuak atzo.

Sindikatuak aditzera eman zuenez, langileek lanera itzuli baino hiru hilabete lehenago enpresari itzultzeko asmoa ezagutarazita ere, enpresak ez du ezer egiten egun gutxi batzuk lehenago arte, «horrek sortzen duen segurtasun faltarekin», gaitzetsi zuen.

«Lanera itzultzea eskatzen duten langileak jasotzen ari diren erantzuna izaten da beren lanpostua jada ez dela existitzen, eta enpresarekin duten harremana iraungita geratu dela esaten diete», azaldu zuen LABek.

IA 40 URTE LANEAN EMAN OSTEAN

Kasu gordin bat aipatu zuen sindikatuak egoera hau salatzeko zabaldutako oharrean, adibide zehatz batekin egoeraren larritasuna azpimarratuz. 1980ko hamarkadan Michelinen sartu zen langile batek, ia 40 urte lanean daramatzanak, ama alarguna zaintzeko urtebeteko eszedentzia eskatu zuen, seme bakarra izanda. Itzultzekotan, Aranda de Duerora, etxetik 200 kilometrora bidali nahi dute.