NOV. 05 2024 MENDI MARATOIA Lide Urrestarazu, Malaysian txapeldun Lide Urrestarazu, pozarren, helmuga zeharkatzen. (SWS) Andoni ARABAOLAZA Lide Urrestarazu lasterkari ordiziarrak Skyrunning World Series zirkuituko bigarren garaipena lortu du asteburu honetan Malaysiako Georgetown mendi eta inguru exotikoan, Penang Hill Biosfera Erreserban. Ion Eskudero, berriz, bigarren postuan sailkatu da mutilen kategorian. Biak ala biak dira Euskal Mendizale Federazioko selekziokideak. Ibilbideak, klimak, ikuspegiak… markatu zuten maratoi hori. 42 kilometro pasatxo burutu behar izan zituzten eta 3.800 metroko desnibel positiboa gainditu. Oihan tropikal horretan antolatutako probara munduko bazter guztietatik iritsitako dozenaka lehiakide bertaratu ziren -2.500 korrikalari baino gehiago pilatu ziren azkenean- eta horien artean aipaturiko bi euskal korrikalariak nabarmendu ziren. Skyrunning World Seriesetako azken proba horretako korrikalariak gauez irten ziren. Urrestarazuk lasterketa bikaina burutu zuen. Kopetako argia piztu eta euripean lehen kilometroak egin zituen. Nahiz eta zirkuituko bi lehiakide indartsu (Iris Pessey frantziarra eta Marcela Vasinova txekiarra) ondoan izan, ordiziarra lasterketa osoan tropelaren buru ibili zen. Euskal ordezkaria lehena izan zen helmuga puntuan 5:16:37 denborarekin. Iris Presseyk bigarren tokian bukatu zuen, bederatzi minutura. «ASKO GOZATUZ» Lasterketa amaieran pozarren zegoen Urrestarazu: «Asko gozatu dut lasterketa honetan. Klima tropikal honekin ez nago ohituta: hezetasuna, bero sargoria… Hori guztia ondo kudeatu behar izan dut. Erritmo egoki bati eusten saiatu naiz, eta ur asko edan dut. Hori guztia lasterketa handi bat egiteko gakoa izan da». Malaysiako garaipen horrekin gipuzkoarrak bi ditu SWS zirkuituan. Horrez gainera, behin-behineko sailkapenean laugarren tokian kokatu da. Postu bikaina, laster jokatuko den final handirako. Gizonetan, Lorenzo Beltrami zen faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin (4:17:14). Nolabait ezustekoa eman zuena Eskudero izan zen: bigarren, irabazlearengandik 36 minutura.