NOV. 05 2024 Moldaviako presidente mendebal zalea gailendu da bigarrengo itzulian Duela bi aste Europako Batasunaren inguruko erreferenduma baietzaz justu gailendu ostean, Sandu presidente mendebal zaleak pentsa zitekeen baino aiseago irabazi ditu hauteskundeak. Errumaniarekin muga egiten duen Moldaviako presidentetzan jarraituko du Maia Sanduk. (Europa Press) Dabid LAZKANOITURBURU Moldaviako egungo presidenteak, Maia Sandu mendebal zaleak (%55,35), pentsa baino aiseago irabazi zuen igandeko hauteskundeen bigarren itzulian, Alexandr Stoianoglo hautagai errusiazaleari hamar puntu baino gehiagoko aldea aterata (%44,65). Urriaren 20ko hauteskundeen lehen itzulian eta 2020ko presidentetzarako hauteskundeetan bezala, kanpoan bizi den moldaviar komunitatearen botoa funtsezkoa izan zen. Diasporaren botoa zenbatzen hasi arte, irabazten zihoan Gagauzia errusiazazlea den eskualde turkikoaren seme Stoianoglo fiskal nagusi ohia. Parte hartzea ere pixka bat handiagoa izan zen igandean (%54). Duela bi aste %52ra ere ez zen iritsi. Batez ere Europako mendebaldean bizi diren 300.000 moldaviarrek bozkatu zuten. 2020. urtean ere hauen boza erabakigarria izan zen, Maia Sandu orduko presidente Igor Dodon-i gailentzeko. Sandu pozik agertu daiteke emaitzekin, baina argi izan beharko luke Moldavian agerikoa den haustura politikoa erakutsi dutela. Izan ere, lehen itzulian lortu zuen 20 puntutako aldea erdira jaitsi da; hori bai, oposizioko talde gehienek bat egin dutelako Stoianoglo Sozialisten Alderdiko (PSRM) hautagaiarekin. Azken honek ez ditu hautsak harrotu. Bere jarraitzaileei dei egin die eta «demokraziak emaitzen aurrean heldutasuna» eskatzen duela ohartarazi du. Ez zen izan hori Sandu berak lehen itzulian Europako Batasunarekin harreman bidean sakontzeko erreferendumean izan zen emaitza estuaren inguruan eduki zuen jarrera. Diasporaren bozari esker puntu bategatik baietzak irabazi zuen hautuan Errusiaren joko zikina salatu zuen. Errusiak berak ere iruzurra salatu zuen orduan. Presidentetzarako igandeko hauteskundeei begira ere Errusiaren mamua piztu zuen Sanduk, Moskuk han bizi diren milaka moldaviarrak erabili eta emaitzei buelta emango zielakoan. Ez da hori gertatu, baina argi dago moldaviaren eta Sanduren etorkizuna mendebaldeari lotuta dagoela. Onerako eta txarrerako. TENTSIOAGagauziaz aparte, Transnistria eskualdea jatorriz siberiarrak diren errusiarren eskualde «separatista» da Moldavian. Georgiako eta Ukrainako presidenteek emaitza txalotu dute, Errusiaren aurka bizi duten gerrak direla eta.