«Bada manera bat ontsa jateko: hemengo laborantzarekin»
Biarritzen erdaldun gisa hazia, euskaldundu eta Euskal Herriko Laborantza Ganberan (EHLG) lan egiteari ekin zion Delia Delannek. Hirugarren aldiz Lurrama antolatzen ari da aurten. Kazeta-ri eskainitako elkarrizketan aletu ditu nondik norakoak.
Laborantza herrikoi eta iraunkorraren aldeko azokaren gibelean den buruetako bat da Delia Delanne (Biarritz, 1996). Kostaldeko surf munduan sortua, neska gaztearentzat Lurrama antolatzea «bizi pertsonalarekin lotura egitea» da, sorterriaren eta Ipar Euskal Herriko barnealdean gaur duen bizimoduaren artean.
Garazin «surfa egitea zaila da», dio irriz, baina kontent bizi da, hori mendi ibilaldiekin tartekatuz. Oraingo begietatik ez du Biarritz berdin ikusten. «Herria anitz aldatu da, jende sobera bada, uretan ere bai, eta ez dakit zenbat pagatzen duzun dena egiteko. Baina ni ere aldatu naiz», gogoetatu du.
Amatxi euskaldun eta, transmisio faltagatik, guraso erdaldunez osaturiko familia batean sortua, «banuen hor nonbaiten euskara, baina ez nekien», adierazi du. Bordeleko Unibertsitatean Geografia ikasketak egiten ari zela, «Txilen maputxeekin egonaldi bat egin nuelarik ukan nuen deklika. Haiek natura eta hizkuntza zinez lotuak dituzte». Biosfera erreserba batean lan egin zuen, eta harrezkero argi zuen: lurrarekin lotua zen lan batean aritu nahi zuen Euskal Herrian. Hala azaldu du: «Momentu batez, ene buruari galdetu nion: nola lagundu edo kudeatu lurraldea, hizkuntza ezagutu gabe?».
Erran eta egin. Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) dirulaguntza bat eskuratu eta Lazkaora (Gipuzkoa) joan zen urte osoko barnetegira. Hori bukatu eta jarraian eskuratu zuen lanpostua EHLGn, ekitaldi antolatzaile gisa. Bixente Eiherabidek, hamabost urtez Lurramaren koordinatzaile izandakoak egin zion ofizioaren transmisioa: «Anitz ikasi nuen berarekin».
Batzuetan «estresagarria» izan daitekeen arren, «indarra eta gogoa» nagusitzen zaizkio. Bizitzeari dagokionez, «fokus bat egin nahi dugu laborariei buruz, erakusteko haien lanaz bizi behar dutela». Kontsumitzaileei begira, «proposamen bat egin nahi dugu, aurkezteko hemengo janaria, nola egina den eta nola martxan diren zirkuitu laburrak». Hori guzia, helburu batekin: «Laborantza herrikoia irtenbidea dela erakustea, guretzat, kontsumitzaileentzat, baina baita laborariarentzat ere, laborantza herrikoiari esker ontsa bizitzen ahal baita». Elikaduraren ibilbide osoa erakutsi nahi dute, izan mintzaldi, merkatu edo otorduekin.
BURUTIK PLATERERA
Ezagutza du Delannek elikadura on baterako gako gisa: «Gure helburua da erakustea badela manera bat ontsa jateko: hemengo laborantzarekin».
Bere kontzientziazio propioaren aldaketa ere ikusi du biarriztarrak. «Euskararekin, lurraldean beste mundu bat ezagutu dut. Lanarekin anitz ikasten dut. Laborari anitz ezagutu ditut, zahar eta gazte, lurra nola ikusten duten...». Baloreekin bat egin eta «eredu hori defendatzen dut».
Lehen ez zituen arrangurak ere sortu dizkio kontzientzia hartzeak: «Zer jaten dugu eta zer janen dute gure haurrek? Ikusirik zer dagoen supermerkatuetan, denboraren eta sosaren galdera, aldaketa klimatikoa eta izaten ari diren katastrofe naturalak...». Gaitz anitz eta sendagai argi bat: «laborantza herrikoia. Hori da da irtenbidea, eta espero dut horretara joanen garela».