Euskal Batasun Nazionala
Duela gutxi, Sakanako herri koxkor batean, gure herriaren etorkizunarekin konprometituak gauden hainbat pertsona elkartu ginen, xede izanik mintzatzea Euskal Herriak azkenaldian izan dituen aldaketei eta etorkizunean aurre egiteko dituen erronkei buruz. Lehenik eta behin esan nahi dugu uko egiten diogula geure burua eskuin/ezker ardatzean kokatzeari, uste baitugu euskal gizarteak askoz larriagoak diren arazoak dituela. Era berean, argi daukagu gure egoerari «larrialdi nazionala» izendapena eman dakiokeela; izan ere, badira hainbat fenomeno berri euskal nazioaren zapalketa historikoa areagotzen laguntzen dutenak, besteak beste, migrazio-errealitate berriak, arlo batzuek diskurtso politikoan hartu duten neurriz kanpoko protagonismoa (feminismoa, ekologismoa...) eta informazioa kudeatzeko eta kontsumitzeko dauden era berriak».
«Diagnostiko horren ostean, erabaki zen Alderdien Erregistroan formazio berri bat inskribatzea: Euskal Batasun Nazionala. Jakina, datorrena talde eragilea sortzea da, I. Batzar Nazionalera deituko duena alderdiaren printzipioak zein ildo estrategikoak ezartzeko.
«Dena den, uste dut artikulu honetan zenbait kontu aurrera ditzakegula. Aipatu bilkuran, argi samar izan genituen printzipioetako batzuk»:
«Euskal Herria zazpi lurralde historikoek osatzen dute eta, biziraungo badu, independentzia politikoa ezinbestekoa du.
«Euskal Herriaren hizkuntza euskara da. Euskara hilzorian dago, eta bada garaia berreskuratzeko erabakigarria izango den ahalegina egiteko.
«Lehentasuna eman behar zaie euskal kultura eta ohiturei. Modu ahalik eraginkorrenean aurre egin behar diogu Euskal Herriak sufritzen duen asimilazio prozesuari».
«Euskal Estatuaren helburu behinena izango da euskal herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa.
«Halaber, ildo estrategikoetako batzuk ere nahiko argi sumatzen dira:
«Gure esku dagoen guztia egin behar dugu euskal jendea Batasun Nazionalera batu dadin.
«Asmo handiko hizkuntza politika behar dugu, aurrekontu esfortzu serioa izango duena.
«Euskal kultura, literatura, zinemagintza, bertsolaritza... sustatu behar dira.
«Geure immigrazio politika behar dugu, geure beharretara egokituko dena.
«Ekoizpen eta ekonomia baliabide estrategikoak (energia, komunikazioak, enpresa handiak...) euskal Estatuaren kontrolpean egon behar dira, eta atzerriko eskuetan eror daitezen saihestu behar da.
«Kaleko segurtasuna indartu behar dugu, eta horretarako, gizartearen inplikazioa behar dugu. Herritarren eta agenteen arteko elkarlana behar da euskal poliziaren lana eraginkorragoa izan dadin.
«Esanak esan, nago, helburu horiek guztiak eskuratuko baditugu, euskal gizarteak tresna politiko berria behar duela, dagoeneko agerikoa baita alderdi klasikoak ez direla gauza erronka horiei heltzeko. Horregatik, ezinbestekoa deritzot Euskal Batasun Nazionalaren jiran antolatzeari...».
Ziur naiz, aurreko lerroak irakurrita, jende asko identifikatua sentitu dela; izan ere, proposamen gehienak erakargarriak dira euskaldun askorentzat. Irakurleetako batzuk grinatsu izango dira alderdi berriari beren ekarpena egiteko, ziur. Sentitzen dut, bada, jakinaraztea irakurri duzuen artikulua fikzio ariketa bat izan dela. Edo ez? Nire irudiko, ez dago urruti horrelako alderdi bat gure panorama politikoan agertuko den eguna, ezta Legebiltzarrean eta Foru Parlamentuan eserleku dezente lor ditzakeen eguna ere!
Fikzio hori errealitate bilakatzen den eguna iristen denean, euskal politikagintzaren garairik ilunenetarikoan murgilduko gara, alderdien duintasun egun eskasa erabateko gainbeheran sartuko den aroan.
Eguna iristean, ez dezala esan euskal ezker sozial eta politikoak gertakizunek ezustean harrapatu dutela. Ez da izango horrelakorik sumatzen ez zelako eta ohartarazita ez zeudelako!