GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Erik Jaka
Baikoko aurrelaria

«Istripu bat bezala hartu behar dut Altunaren aurkakoa eta konfiantza osoz irten»

Iaz Jokin Altunaren aurka finaletik tanto bakarrera geratu ostean, arantzatxo hori ateratzeko aukera izango du larunbat honetan Peio Etxeberriaren aurka Labriten. Aurten amezketarrak erraz irabazi zion eta horrek zalantzaren bat sortzen omen dio.

(Idoia ZABALETA | FOKU)

Beste behin finalerdian, akaso ez nahi zenukeen moduan Artolaren lesioagatik, baina betiere ongi etorria izango da txartela, ala?

Bai, dudarik gabe. Azkenean kirolaren parte da hau ere; lagun baten zorigaiztoko lesio bat behin ere ez da berri ona izaten, baina niri hirugarren partida jokatu gabe sailkatzeko balio izan dit. Lehendabizi, Iñakiri lehenbailehen eta ondo errekuperatzea desio diot, berari pertsonalki esan diodan bezalaxe, eta nirean zentratzea dagokit orain.

Lehen partidan aise gainditu zenuen Zubizarreta, bigarrenean ez zenuen zure eguna izan Altunaren aurka eta ez dakit zer sentsaziorekin heltzen zaren finalerdietara?

Ba, begira, iazkoarekin alderatuta, duda batzuk baditut; azkenean, lehen partida horretan oso-oso ondo sentitu nintzen eta bigarrenean, aldiz, sentsazioak guztiz kontrakoak izan ziren, jakinik Jokinek nire kontra eta beste bi aurkarien kontra kristoren maila eman duela, nire lanarekin ez nintzen batere gustura sentitu. Baina iruditzen zait egun horretan pasa zitzaidana istripu bat bezala hartu behar dudala eta partida hau konfiantza osoarekin prestatu nahi dut. Egia esan, txapelketa hasi aurretik sentsazio oso onekin ari nintzen pilotan; txapelketari hasiera ere oso ona eman niola iruditzen zait.

Finalerdia prestatzeko bi aste izan dituzu. Ez dakit hori onerako edo txarrerako den?

Bi aste osorik ere ez dira izan, Iñakirena jakin zen arte, asteartea-asteazkena izan zen eta jokatuko zuen ziur jakin arte ez nuen gauzak aurreratzerik nahi izan. Eta gero, jakin nuenean ezin zuela jokatu eta zuzenean sailkapen hori lortzen nuela, pixka bat prestatu dugu partida. Txapelketa hauek astez aste joaten gara planteatu eta prestatzen eta aste honetan aste luzeago bat izan dut, baina aparteko gauza berezirik egin gabe.

Luze edo motz egin da?

Nik, dudarik gabe, pertsonalki nahiago nuen jokatu eta, kantxan pasatzen zenarekin sailkapena lortu, pilotarioi kantxan egote hori gustatzen zaigulako, jokatze horrek ematen duelako benetako konfiantza puntu hori. Baina horrela tokatu da, bizitzan bezala, kirolean ere gauzak etortzen diren bezala hartu beharra dago, ahalik eta hobekien moldatu, eta larunbaterako partidarako aitzakiarik gabe.

Aurrean Peio, iazko txapeldunordea, izango duzu. Sekulako txapelketa osatu zuen iaz; finalean egia da ez zuela bere maila eman, baina aurkari oso arriskutsua da, ezta?

Bai, dudarik gabe, Peio azken urteetako beste espezialistetako bat da, nolabait esateko. Azkenean iruditzen zait modalitate honetan oso-oso eroso sentitzen dela; erritmo handia jartzen du eta erritmo ero horretan oso ondo moldatzen da, baina iruditzen zait berari ere eskua sartzea badagoela. Azkenean, nik nire lanean zentratu beharra daukat; parean Peio ez bazen, Unai izango zen eta harentzat ere hitz onak izango nituzke. Maila honetan, finalerdietan ez dago aurkari errazik; nirea ahalik eta ondoen egin nahi dut.

Jokinen aurkako partidan ez zenuen sakea baliatzerik izan; gaur egungo jokoan duen garrantziaz jakitun, izango da partida hartatik zer hobetua Labritera begira?
Bai, dudarik gabe; han bertan momentuan ondoriorik atera banuen, hori izan zen. Berak sakea izan zuenean, igual zuzenean ez, ze errestatzen, egia esan, ez nintzen gaizki ikusi, baina gero jokoan, agintea erabat hartzen zuen eta alderik alde ibili ninduen, pixka bat Iraitzekin egin zuen bezalaxe. Nik ez nuen jakin sake horri etekina ateratzen, sake zuzenik ez nion sartu eta jokoan sartzen ginenean ere ez nuen asmatu bera mugiarazten, eta iruditzen zait larunbateko partida horretan asmatu behar dudala. Nahiz eta saketik tantoa ez lortu, sake bueltako pilota horiei zerbait egitea lortu beharra daukat, Peiori mina egin nahi badiot.

Iaz tanto bakarragatik finaletik kanpo geratu zinen; Jokinen aurka partida ikusgarria izan zen hura. Arantzatxo hori oraindik barruan al daukazu?

Bai, nolabait esateko, pena hori badaukat, azkenean finaletan egotea oso-oso zaila baita. Jokini begiratuta ematen du ohikoa dela eta horregatik iruditzen zait berari eman behar zaiola kristoren meritua, baina beste ia guztiok badakigu zeinen zaila den final batera sailkatzeko aukera izatea. Ni, iaz, tanto batera geratu nintzen eta, egia esan, ilusioa daukat berriz ere final bat jokatzeko. Dena emango dudala, dudarik ez, baina jakinda, ez banaiz sartzen finalerdietara heltzea ez dela gauza txikia.

Iazko finalerdiak kontuan hartuta, hiru protagonista berak zarete, eta Unai Laso osatuta, berriro sartu da.

Bai, azkenean dinamikak ere izaten dira pixka bat. Lehen esandakoa; Jokin da modalitate honetan espezialista handiena, nolabait esateko. Gero ez nuke Ezkurdia ahaztu nahi; iaz nik berari irabaztea lortu nuen eta ligaxkan eliminatua geratu zen. Peiok laugarren urtea du jarraian finalerdietan eta horrek zerbait esan nahi du; espezialista da, oso-oso eroso sentitzen da eta Unai modalitate guztietan punta-puntan dabilen pilotaria da.

Berarentzat ere oso garrantzitsua izango da sailkapen hau lortu izana; gainera, lortu duen bezala lortuta, iaz lesionatuta zegoela jakinda. Lesioetatik bueltatzea denok dakigu oso konplikatua dela eta berak, bueltatu eta segituan, sekulako maila lortu du. Buruz Buru finala jokatu zuen, Lau eta Erdian finalerdietan da gutxienez. Horrek erakusten du pilotari handien aurka jokatzen ari naizela eta iruditzen zait ni lortzen ari naizenari balioa eman behar zaiola.