NOV. 09 2024 Lurrama laborantza azokak ateak zabaldu ditu Biarritzen Biarritzeko Irati erakustazoka atzo ireki zen, urtero hartu ohi dituen milaka herritarrei harrera egiteko. Laborantza herrikoi eta iraunkorraren aldeko azokak hiru eguneko egitarau oparoa antolatu du, azoka, mintzaldi, otordu berezi zein kontzertuekin. Lurramaren aurtengo edizioa atzo abiatu zen. (Patxi BELTZAIZ) Andrea IBARRA BIARRITZ Lurramaren 19. edizioa atzo abiatu zen. Azaroaren 8tik 10era bitartean -aurten gaualdi bat gehiagorekin, igandekoa, astelehena besta eguna dela-eta- Biarritzeko Irati erakustazoka laborantzaren erakusleiho izanen da. Familia zein lagunentzako hiru eguneko egitarauarekin, laborantzaren tokian tokiko eredu jasangarriak erakutsiko ditu, elikagai, eztabaida zein aisialdia direla medio. Atzo bertan zabaldu zen espazioa, 11.00etan irekiera ekitaldia eginik. Biarritzeko, Euskal Hirigune Elkargoko, departamendu zein eskualde mailako hautetsiek hartu zuten hitza, baita ohorezko gomitatuak ere, Karine Jacquemartek. Korsikako eskualdea gomitatu berezia izanki, hango antolaketa, kultura, ekoizpena eta platerak ezarri zituzten agerian, bertako esperientziak partekatzearekin batera. Etxeko ekoizpenen merkatua 9.00etan zabaldu zuten atzo eta 10.00etan zabalduko da gaur eta bihar. Tokiko 50 ekoizlek baino gehiagok beren produktuak aurkezteko eta saltzeko aukera izanen dute. Haurrei zuzenduriko eskaintza zabala izanen da asteburu osoan, familientzako jardueren bidez, bertako animaliak ezagutuz zein etxeko ekoizpenak dastatuz. MINTZALDIAK Hiru egunetan zehar, hainbat hizlari laborantza jasangarria eta ingurumenarekiko ardura lantzen duten gaiez mintzatuko dira. Atzo arratsaldean, laborarien autonomia, ingurumenarekiko errespetua eta elikadura osasungarria sustatzeko estrategiak landu zituzten, batetik, eta, ondoren, Mathieu Dalmaisen “Sardetik sardexkara… Ez! Alderantziz!” mintzaldia izan zen, zeinak Elikaduraren Gizarte Segurantza sistema demokratiko eta jasangarria eraikitzeko apustu estrategikoen berri eman zuen. Larunbat honetan, eguerdiko hamaiketan, osasunaren eta elikaduraren arteko lotura izanen da hizpide, “Ongi jan osagarri onean izaiteko” mintzaldiarekin. Bertan, Philippe Pointereau, Philippe Berthelemy eta Arnaud Sperat Czar adituek elikagai ultraprozesatuen kalteak eta elikagai gordinak jatearen onurak aztertuko dituzte. Ordubete berantago, “Elikaduraren gizarte segurantza” mintzaldian, sistema kapitalistaren elikadura eredua kritikatu ez ezik, elikadura eskuragarri eta iraunkorrerako alternatiba bat aurkeztuko da. Arratsaldean, elikadura burujabetzari eta tokiko ekoizpenari buruzko bi saio eginen dira, besteak beste, euskal eta korsikar lurraldeen laborantza eta kontsumo ereduez hausnartuz. Bihar, berriz, Lurramako mintzaldiek ultraliberalismoari aurre egiten dioten tokiko hiru ekimen erakutsiko dituzte - Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Biarnoko Emaus Lescar-Pau eta Marseillako L’Après M jatetxe soziala- ingurumenarekiko eta gizakien ongizatearekiko errespetuzko alternatiba jasangarriak azalduz. Beste eskaintza nagusietako bat platerean eginen da. Tokian tokiko laborantzatik heldu diren produktuekin. Gaur gauez helduko da zikiroaren tenorea eta igandean, berriz, sukaldarien bazkaria izanen da. EGITARAU ZABALAAutobusez gerturatzeko aukera dago inguruko herrietatik. Eta egun osoko egitaraua prestatu dute Lurramako antolatzaileek, laborantza eta aisialdiko ikuskizun eta kontzertuak uztartuz.