Asmatutako egiaren barrunbeetan
Moriartitarren aurreko filmetan ikusitako estilo estetiko zaindua eta narratiba sakon eta zorrotza ageri dira, baina oraingoan fikzioaren eta errealitatearen arteko joko ederra osatu dute. Emozionalki “Loreak” da gehien ukitzen eta hunkitzen nauen filma, baina zinematografikoki, “Marco”; egin duten lanik biribilena iruditu zait.
Eszenaratze lanari dagokionez aurreko lanak baino apur bat desberdinagoa dela ere esango nuke, helduagoa akaso. Metazinematik gertu, gezurraren bidez egia azaltzeko erronka zaila helduleku gisa hartuz, ikusleok ispilu-joko burutsu batean murgiltzen gaituzte hasieratik, bai formalki, baita edukiari dagokionez ere. Kristalaren alde batean gezurra eta fikzioa, bestean egia eta errealitatea.
Alor teknikoari dagokionez, trabarik ez. Gidoia oso zorrotza da, eta gehien gustatu zaidana barnean dituen tonu aldaketak dira: drama bat da, une batzuetan umore pintzelkadak dituena, baina apurka thriller sendo baten itxura hartzen du.
Thrillerraren eremuan murgiltzen denean, nortasun eta atmosfera oso bereziak transmititzen ditu. Horren erantzule handienak Javi Agirreren argazkilaritza lan gorena eta Aranzazu Callejaren soinu banda itzela.
Aipamen berezia merezi du Eduard Fernandezen lanak: hamarrekoa. Filmeko ia plano guztietan ageri da eta ezinezkoa da begirada pantailatik aldentzea. Oso pertsona konplexua zen Enric Marco, eta konplexutasun hori guztia pantailaratzea oso txalogarria dela uste dut.
Ahanzturan erortzea, hori zen Marcoren zigorrik handiena; pertsonaiaren erortzea iristen den unean, planoekin eta kamera mugimenduekin egin duten lanketa aparta da, haustura narratiboa zein estetikoa kolpez iristen dira.