Ruben Perez eta Pablo Urtasun dira Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendariak
Ruben Perez eta Pablo Urtasun izango dira Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendari berriak. Biak talde laranjan txirrindulariak izandakoak dira. Helburu nagusia UCIren sailkapenean 30 lehenen artean kokatzea da, Vueltaren gonbidapena jaso ahal izateko.
Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak arlo teknikoa handitu du, eta Ruben Perez eta Pablo Urtasun kirol zuzendari izendatu ditu hurrengo denboraldirako. Biak Euskadi Fundaziora itzuliko dira horrela, aurretik txirrindulari profesionalak izan baitziren talde laranjan.
Taldeko arduradunen arabera, Perezek eta Urtasunek beren eskarmentu handia eskainiko dute Jorge Azanzaren gidaritzapean, eta Santi Barrancok osatuko du kirol zuzendarien multzoa, 2025. urteko denboraldiari begira. Pello Olaberriak, aldiz, ez du jarraituko kirol zuzendari gisa, eta Fundazioak eskertu egin dio bere lana eta onena opa dio bere etapa berrian.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunaren hitzetan, «laranjaz aritu diren bi taldekide ohi dira, lagunak eta, aldi berean, inguruko kirol zuzendari onenetako bi. Uste dut sendotasun handia emango diotela taldeari. Bi zuzendari prestatuak dira, eta taldea oso ondo zuzenduta egongo da non-nahi, eta hori gehigarri garrantzitsua izango da. Pello Olaberria galtzea pena da, baina orain oso pozik gaude Ruben eta Pablo gurekin daudelako».