NOV. 11 2024 UNE AMIE DÉVOUÉE Gezurrak buztana labur Gaizka IZAGIRRE HERNANI Telesailak Christelle “Chris” Blandin-en istorioa azalduko du: 2015eko azaroko Parisko erasoetan -zehazki Bataclan aretoan gertatu zirenetan zentratzen da- bere ustezko bikotea, Vincent, zauritu larrien artean zegoela zioen emakumea. Aurrerago, gainera, kontakizunean bera ere eraso horietatik bizirik atera zela ere gehituko zuen. Den-dena gezurra zen, asmaturiko istorio bat. Gezur sare horren eraikuntzan, Vincenten sare sozialak ere sortuko zituen, harreman birtualak landu eta biktimen elkarteko kide garrantzitsua izaten amaituko zuen. Zergatik? Zertarako? Guztiok buruan bueltaka dauzkagun galderak dira. Fikzioaren bidez iristen zaigunaren arabera erantzuna argia da: protagonistak ez du soilik besteen errukia bilatzen, bere bizitzari zentzua emango dion egitura bat aurkitzea baizik. Komunitate bateko kide izatearen nahiaz eta oinazearen erdian pertsonak balioetsiak izateko beharraz hausnartzen du. Protagonistaren rola Laure Calamy aktore frantziarrak jokatuko du. Chris, rockaren eta punkaren zale amorratua den paristarra da eta itxuraz lotura emozionalak aurkitzeko arazoak ditu. Protagonista ez da iruzurgile tipiko horietako bat; ez doa (soilik) etekin ekonomikoaren atzetik, gogobetetze intimoago baten atzetik baizik, lorpen emozional batekin zerikusia duena, talde batean integratuta sentitzearekin eta bere lanagatik aitortua izatearekin lotura zuzenagoa duena. Calamyk pertsonaia konplexu horrek behar dituen ñabardura guztiak eransten ditu. Lau atal ditu guztira, eta drama eta thriller psikologikoaren artean mugitzen den proposamena da, trauma kolektiboek dituzten oihartzunei buruzko ikuspegi oso interesgarria eskaintzen duen telesaila. Oso gomendagarria.