NOV. 12 2024 LUZ EN LA OSCURIDAD Film bat dirudi, baina erreala da Gaizka IZAGIRRE HERNANI Carles Porta kazetari, idazle, zuzendari, ekoizle eta gidoilari katalana, egun, true crime generoko eduki sortzaile garrantzitsuenetarikoa bihurtu da; gaiari loturiko hainbat podcast, liburu eta ikus-entzunezko sortu ditu. TV3k ekoizten duen “Crims” telesaila izan da, zalantza izpirik gabe, Porta erakusleiho mediatikoan kokatu duen lana. Saio horrek, aurretik, hiru denboraldi izan zituen Catalunya Radion, eta ondoren telebistara jauzi egin zuen; egun, lau denboraldi ditu. Katalunian gertatutako benetako krimenak azaltzen ditu. Portak egiten duena goren mailakoa iruditzen zait. Atal guztietan presente dago bere narrazio estiloa, eta ikusleak hasieratik murgiltzen ditu istorio bakoitzaren labirinto ilun horien erraietan. Kasuak aztoragarriak, beldurgarriak, sinestezinak, latzak dira. “Crims”-ekin lortu duen arrakasta itzela izan da. Arrakasta horren olatua aprobetxatzeko helburuz, iaz “Luz en la oscuridad” izeneko lana ekoiztea erabaki zuten, kasu horretan, Estatu espainoleko zenbait kasu aztertzeko. “El crimen de las turistas”, “La confesión de O Chucán”, “El churrero de Chiclana” eta “El descuartizador de Majadahonda”, horiek dira estreinatu berri den bigarren denboraldiko kasuak. Portak ehunka gertaera aztertu ditu orain arte eta, aurreko lanetan bezala, ohiko zorroztasuna oinarri gisa hartuz, narrazio eta estilo guztiz zinematografikoak erabili ditu horietan ere. Nabarmentzekoa iruditzen zait, bestalde -bere lan guztien moduan-, biktimekiko eta inplikatuekiko erakusten duen errespetua. Horretarako, kontakizun dotore eta sotilaz baliatzen da, eta muntaketa lan oso zainduaz ere bai. Estetika zaindu horren barruan topatzen ditugun kasuak, gainera, zur eta lur geratzeko modukoak dira, harrigarriak. Hark esaten duen moduan, «film bat dirudi, baina erreala da».