NOV. 14 2024 Isundutako 133en epaiketaren atarian, 30 eragileren elkartasuna Ernairi Ernaiko 133 kideri 290.500 euroko isunak jarri zizkieten protesta ekimen batengatik. Helegite bana aurkeztu dute, eta epaiketak hilaren 28an hasiko dira. Elkartasuna adierazteko eta jazarpen egoera orokortua salatzeko, 32 eragilek manifestu bat sinatu dute. Honen berri eman zuten atzo, Gasteizen egindako agerraldi baten bidez. Ernairen eta manifestua sinatu duten eragile batzuen ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU) Alaia SIERRA GASTEIZ Euskal Herriko hainbat alorretako 32 eragilek manifestu bat sinatu dute Ernai antolakundearen alde, Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratzearen aurka Gasteizen eta Bilbon ekimen batzuetan parte hartzeagatik joan den apirilean 133 kidek jasotako isunen ondorioz abiarazitako prozesu judizialaren aurrean elkartasuna adierazteko. Gainera, «mugimendu sozialek bizi dugun egoera problematizatzeko eta salatzeko» ere elkartu dira. Hala adierazi zuten Ernaik eta atxikimendua adierazi duten eragile horietako batzuetako ordezkariek atzo, Gasteizen egindako agerraldian. Bi aste falta dira guztira 290.500 euroko isuna jaso zuten kideen prozesu judiziala hasteko. Azaroaren 28an abiatuko da. Gazte antolakundeak 133 helegite aurkeztu zituen. Atzo hedabideei azaldu zieten antolakundearen anbizioa isunak deuseztatzea dela, ez dagoelako antzeko aurrekaririk. ERANTZUKIZUNA, LAKUARENA Agerraldian gaitzetsi zutenez, Euskal Herrian zenbait antolakunde eta kolektiboren aurkako «jazarpen estrategia martxan dago, modu anitzetan garatzen dena». Honen aurrean, erantzule nagusia Lakuako Segurtasun Saila dela adierazi zuten, honek protesta sozialen aurka egindako erasoak «gero eta ohikoagoak» bihurtu direla uste dutelako. «Segurtasun Sailak aspalditik eskema berdintsu bat baliatu du mugimendu sozialen protesten aurka egiteko: mugimendu sozialak eta horien aldarrikapenak kriminalizatu, protesta sozialak jazarri eta azken bitarteko gisa mugimendu sozialetako militanteak isundu edota atxilotu», zehaztu dute. Eta «sistematikoa bilakatu den praktika erabat larri» honi irtenbide bat eskaintzeko beharra nabarmendu zuten atzoko agerraldian. Horrela, «eztabaida zabaltzeko» unean gaudela azaldu dute. Beraz, mugimenduen aldarrikapenak jazarri eta hauei «entzungor egitea» baino, «eztabaidari helduz, honen garapenerako bermeak ezarriz eta herritar ororen adierazpen askatasuna errespetatuz» jardutearen alde agertu dira. Laburbilduz, «jazarpen estrategia sistematikoarekin amaitzea zein herritar ororen eskubide zibil eta politikoak bermatzea exijitzen dugu», adierazi zuten. «Manifestu hau sinatu dugunok, bakoitzak bere eragin esparrutik, adierazpen askatasunaren alde eta jazarpenaren aurka lanean jarraituko dugu», esan dute, jendarteari konpromiso horrekin bat egiteko deia zabaltzeaz batera. Zehazki, honako hauek dira Ernairekin bat egin duten eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikoak: AHT Gelditu Nafarroa, Alternatiba, Aroztegiko Elkartasun Komitea, Bilboko Konpartsak, Bilgune Ekosoziala, Bilgune Feminista, Contrapunto Decolonial, EH Bildu, EHGAM, EHko etxebizitza sindikatuen sarea, ESK, Eusko Alkartasuna, Ekologistak Martxan, Emakumeen Mundu Martxa, Etxalde, Extinction Rebellion (Bizkaia eta Iruñea), Gazte Abertzaleak, Gasteiz Antiarrazista, Gurea Geroa (EHko pentsionistak), Haritu, Ikama, Joxemi Zumalabe, LAB, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Olatukoop, San Fermines 78, Sortu, Steilas, Sustraiak eta Yalah Nafarroa con Palestina. ELAk ez du agiria sinatu, baina Ernairi elkartasuna adierazi zion beste ohar batean. Zehazki, sindikatu honen aburuz, «133 kide identifikatzeko eta isun horiek ezartzeko erabakia guztiz neurrigabea da, eta mobilizazioen aurkako jazarpen eta errepresio estrategia baten parte da. ELAren ustez, ez gaude, ordea, gertaera isolatu baten aurrean. Eusko Jaurlaritzak milaka isun onartu ditu Mozal Legearen aplikazioz». 290.500 EUROAtzo gogorarazi zuten 133 isunak 1.500 eta 2.500 euro bitartekoak direla. Guztira, 290.500 euro batzen dute.