GARA Euskal Herriko egunkaria

Volkswagenen itxierek Nafarroan kalterik ez izateko neurriak eskatu ditu EH Bilduk

Jordi Hereu Industria eta Turismo ministro espainiarrak «lasaitasun eta sosegurako» deia eginez erantzun zion koalizioaren eskaerari; «Landabenen oraina eta etorkizuna bermatuko duten oinarriak lortzeko inbertsioak egiten ari garelako».

Landabenen etorkizunak kezka handia sortu du Nafarroan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Alemaniako Volkswagenetik heltzen diren berriek eragindako kezka eta ezinegonaren aurrean, Bel Pozueta Espainiako Kongresuko EH Bilduko diputatuak neurriak hartzeko eskatu zion Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroari, «lanpostuak babesteko eta sektore publikoaren bideragarritasuna eta jarraitutasuna bermatzeko».

Ministroari Nafarroako erakundeekin elkarlanean esparru bateratu bat ezartzeko eskatu zion, sektoreko enpresak, langileen ordezkariak eta bi gobernuak bilduko dituena, egoeraren bilakaeraren eta aurreikusitako eraginaren arabera beharrezkoak diren neurriak eraginkortasunez eta aurreikuspenez hartu ahal izateko. «Arazoei aurrea har diezaiegun, saihestu ahal izateko. Gure ekonomiaren eta enpleguen zati nabarmen baten etorkizuna dugu jokoan», adierazi zuen.

Automobilgintza sektorea Nafarroako BPGaren %30 inguru da; Landabengo Volkswagenen lantegiak 13.000 lanpostu biltzen ditu eta 120 enpresa laguntzailek osatzen dute. «Gure lurraldeko enplegu guztiaren %5,5 automobil-industriaren mende dago, eta Estatuan, berriz, %1,1a», gogorau zuen Pozuetak.

«Horri gehitzen badiogu Estatu Batuek sektore horri muga-zergak ezartzeak sortzen duen ezegonkortasuna, ziurgabetasuna nabarmena da», azpimarratu zuen. Horregatik, Nafarroan izan dezakeen eraginari buruz espainiar Gobernuak duen informazioa eta aurreikuspenak eskatu zizkion Pozuetak.

LASAITASUNERAKO DEIA

Estatuko Industria eta Turismo ministroak «lasaitasun eta sosegurako» deia eginez erantzun zion. «Lasai gaude. Eraldaketa eta inbertsioak egiten ari gara eta honek munduan ditugun erronken aurrean konfiantza eman behar digu», esan zuen.