NOV. 15 2024 Euskararen larrialdia, heriotza baino, positiboki esku hartzen hasteko bultzada ELEN erakundearen euskararen egoerari buruzko larrialdi linguistikoaren ebazpena ezagutarazteko bildu ziren atzo, Baionan, Euskal Konfederazioa eta Kontseilua. Erabaki hori, hain zuzen, Europako hizkuntza gutxituen irautearen aldeko manifestu gisa aurkeztu zuten. «Positiboki esku hartzen hastea» defendatu zuten. Euskararen larrialdi linguistikoaren ebazpenaren berri emateko bildu ziren atzo, Baionan, Euskal Konfederazioa eta Kontseilua. (Patxi BELTZAIZ) A. IBARRA - F. THOMMEN ELEN erakundeak, Europako 25 herrialdetako hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten 174 erakunde biltzen dituen sareak, biltzar nagusia egin zuen joan den asteburuan Bilbon. Bertan, aho batez onartu zuten «euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan» direla adierazten duen ebazpena, azaroaren 9ko data duena. Europa osoko hizkuntza gutxituen egoera aztertu ondotik, ELENen erabaki horrek Euskal Herriko hizkuntza politikari begira ezarri du arreta, euskararen erabilera eta hiztun kopurua biziki egoera zaurgarrian direla erakutsiz. Baionan atzo eman zuten prentsaurrekoan Euskal Konfederazioko eta Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkariek baieztatu zutenez, egoera larria da Euskal Herri osoan. «Ipar Euskal Herrian hiztun kopurua erlatiboki apalduz doa oraindik, Nafarroan hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesu guztian, eta EAEko gune euskaldunenetan ere atzera egiten ari da euskararen erabilera». Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako goranzko joera gelditzen ari da. Baina kezka ez da kopuruen gibelatzea bakarrik, erabilera sozialaren gainbehera ere nabarmendu zuten, 2023ko Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak oinarri harturik: «Hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak», eta horrek adierazten du euskararen erabilera «ahultzen» ari dela. BABES EZA ETA GLOBALIZAZIOA Ahultasun hori, haien hitzetan, euskararen ofizialtasunaren eta hiztunen babesik ezaren ondorio ere bada, eta horrek oztopo handiak ezartzen dizkio biziberritze prozesuari, Euskal Konfederazioak adierazi zuenez, «bere lurraldeko eremu zabal batean ukatua dauka ofizialtasuna -Ipar Euskal Herri osoan eta Nafarroako zati handienean-, berreskurapen prozesuari horrek eransten dion oztopo handiarekin». Ofiziala den tokietan, berriz, «euskararen aldeko hizkuntza politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da». Egoera hori okertzen duten fenomeno globalak ere aipatu zituzten, hala nola globalizazioaren eta digitalizazioaren eragina. Mundu mailako aldaketa horiek, bi erakundeen erranetan, hizkuntza handien aldeko joerak indartzen dituzte, eta, ondorioz, «hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoagoak dira, eta hizkuntza minorizatuak are zaurgarriagoak». Errealitate horrek hizkuntza gutxituen biziraupena arriskuan ezarriz, euskara berreskuratzeko ahalegina bikoiztea eskatzen duela ohartarazi zuten. INPLIKAZIO BEHARRA Baionatik euskal hiztunen komunitateari dei egin zioten euskararen alde konpromiso handiagoa har dezaten, gaurko egoera «larrialdi sozial eta politiko» gisa ulertuta. Euskal Konfederazioak argi utzi zuen premia honetan azkar jarduteko deia ez dela kexa hutsa, baizik eta «euskararen normalizazio eta biziberritzea onbideratzeko lehen urratsa emateko modua». Auzia «agenda politiko eta sozialaren ardatzean» ezartzea funtsezkoa dela gaineratu zuen, komunitate osoaren inplikazioa lortzeko. Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak, Euskal Herriko instituzioei ez ezik, Europako eta nazioarteko erakunde eta eragileei ere dei egin zieten euskararen eta bestelako hizkuntza minorizatuen defentsa indartzeko. Izan ere, «hizkuntza gutxituei eta kultur komunitate minorizatuei eustea munduaren alde egitea da». MOTELALDIA«Berritasuna da euskara orokorki hartuta egin dela adierazpen bera, azken hamarkadetan gertatu den susperraldia motelaldi bihurtzen ari dela ikusten ari garelako Euskal Herriko eremu guztian», erran zuen Eskisabelek.