NOV. 15 2024 Süne parez pare ireki da jada: kalean da «Amaineman» diskoa Josune Arakistainek bakarlari gisa sortu duen lehenengo diskoa plazaratu du eta, horrekin, Süne proiektua abiatu. Berak naturaltzat dituen bi mundu elkartu ditu, elektronika eta trikitia, eta entzuleari eman. “Amaineman” plataforma guztietan entzun daiteke. Josune Arakistain, Süne proiektuan eman duen lehenengo diskoarekin. (Maialen ANDRES | FOKU) MADDI TXINTXURRETA DONOSTIA “Amaineman” diskoa argitaratu du Josune Arakistainek, Süne bakarkako proiektuaren bidean lehenengo mugarria ezarrita. Huntzatik datorren musikariak bere proposamen berriaren lagin bat eskaini du diskoa kaleratu aurretik, besteak beste, “Lau Korapilo”, “Sunday” eta “Txitxarro” aurrerapen kantekin. Atzotik, ordea, 11 kantuk osatzen duten lana entzuteko aukera zabaldu du plataforma guztietara. Bakarlari gisa ekarri duen estreinako diskoan etapa zaharren itxieraz eta aukera berrien galderez mintzo da Josune Arakistain, Huntza talde arrakastatsutik Süne proiektura eginiko trantsizioaren azalpen musikatua eskainiz. Eta trantsizio horren soinu banda trikitiarekin eta elektronikarekin jantzi du. Itxuraz bateraezinak dirudite bi mundu horiek, baina «natural» sentitzen ditu Arakistainek, atzo Donostiako Aquariumen azaldu zuenez. «Itziarkoa naiz, eta bertan trikitia eta tradizioa oso presente daude, baina Txitxarro diskoteka ere hor egon da urte luzez, eta hango gazteok badugu erreferentzia hori. Gaueko 12.00etatik aurrera, ‘bakalao’ gogorra», esan zuen. Funtsean, bulkadek sortua da “Amaineman”; momentu konkretuetako sentipenak amuz heldu eta kantu bihurtu ditu Arakistainek azken bi urteetan. Hala, ez da kasualitatea diskoaren izenburua, ezta aurkezpen prentsaurrekoa Aquariumen egiteko hautua ere. «‘Amain eman’-ek gazteleraz fluir, dejarse llevar, esan nahi du. Diskoaren filosofia oso ondo deskribatzen du izenburuak. Amain eman dut, momentuoro atera zaidana sortu dut. Diskoaren iruditegiak islatzen du ni, medusa baten antzera, uraren jarioan mugitzen», esplikatu zuen, bere bizkarrean, beirate baten atzean, arrainak alde batetik bestera igeri ziren bitartean. BIDAIDEAK ETA SPOILER BAT Euskal Herria eta Madril artean sortu du Itziarko musikariak “Amaineman”, Jimbo Paez ekoizle sonatuarekin. Buruan kantu baten melodia eta kotxeko maletategian lau trikitixa hartuta, Josune Arakistainek hainbat bidaia egin ditu Madrilera azken bi urteetan. Bidaia gozatu duela esan zuen, eta bidaideak, gehiago. Asko izan dira diskoan parte hartu duten artista gonbidatuak: Toledoko Veintiuno taldeko kideak euskaraz kantuan jarri ditu eta rockaren garra sartu du “Hori bai” abestian, Antia Muiño galiziarra eta Greta Ch’aska italiarrarekin honezkero publikoak ezagutzen duen “Milaka lore” eman du, eta “Sunday” fintzen lagundu dio Rikki ekoizleak. Kolaborazio bereziena, baina, diskoa irekitzen duen kantuan dator: Huntzako lagunekin sortu du “Kantauri”. «Horrek islatzen du nondik natorren eta nora noan», aipatu zuen. Plataformetan entzungai den “Amaineman” lana 11 kantuk osatzen duten arren, diskoa erosten duenak sorpresa bat aurkituko du bertan. Gaur egun diskoa erosten duten gutxi horiek «artistari laguntzeko» egiten dutela sinetsita, eskertza egin nahi izan die Josune Arakistainek, eta hamabigarren kantua sortu du, diskoan bakarrik entzungai izango dena.