Jose Ignazio ANSORENA
KOLABORAZIOA

Besarkadak

Azaroko 10ean 27.000 pertsona korrika hasi ziren Behobian Donostiarako bidean eta, adituen ustez, luzaroan ez dira geratuko. Egia da munduko berriek ihes egiteko gogoa ematen dutela, baina duda egiten dut lortzeko biderik egokiena horixe ote den. Elon Muskekin (hau ere Afrikako etorkina Mendebaldean) hitz egin beharko. Bere buruarentzat ziur baduela sateliterik prest.

Donostian ia ez dago iganderik bere karrera ez duenik. Gehienen ibilbidea erdigunetik igarotzen da eta amaiera Bulebarrean kokatzen. Gure alkatea, ostalaritzako ordezkari nagusi duen beste funtzioan, orain bi edo hiru urte, maratoiaren amaiera Anoetatik Bulebarrera ekarri zuen aspaldiko partez.

Donostian, gainera, hori dena ederki konbinatzen da manifekin. Horixe dagoela motiboa manifak egiteko. Gehiago egin beharko lirateke eta modu berritzaileagoan, orain gutxi Eñaut gazteak esaten zidanez: Beti eredu berbera. Ez da eraginkorra.

Nondik begiratzen den. Karreren eta manifen konbinaketa, bestelako antolamenduekin batera, Donostiako Alde Zaharrean edo Erdi inguruan bizi garen apurrentzat oso eraginkorra da. Norabait joan behar eta hemen geratzen gara autoa mugitu ezinik, ez busik, ez taxirik eta oinez ateratzeko ere aukera murriztuez. Ulergarria da: komeni da biztanle apur horiek auzoan geratzea, karrera ondoren tabernetara doazen kanpotarrek ikusi ahal izan ditzaten bertako aborigen gutxi batzuk.

Lasterka aritzeko joera neurri gabe hazi da gure artean. Jendarte demokratiko-liberalean, ustez, kontuak erabakitzeko libertadea dugu, baina boladak dakarrenari jarraitzen diogu itsu-itsuan, batez ere horretarako beharrezkoak omen direnen eskaintza komertzialak ugaltzen badira: kamiseta transpirableak edo konpresiokoak, bide luzerako edo laburrerakoak, juanikotedunentzako zapatilak, eta galtzerdi isotermiko-iragazgaitz labur, kana-erdiko edo luzeak. Osakidetza hobetzeko ahaleginean espezialitate berria jarriko nuke. Kaleetan lasterka dabiltzanei begira plantatzen den osasun langilea (ez ahaztu txano eta aho-txilibituaz hornitzea), eta, stop eginda, bakoitzari dagokiona agintzen diona: batzuei debekatuta dutela korrika egitea, hobe dutela igeriketan aritu edo gimnasia aerobikoa egin, besteei ikastaroa egin behar dutela ongi aritzeko (bide batez, beste batzuei espaloi edo bidegorrietan oinezko edo txirrindulariei traba egin gabe nola ibili behar duten ikasi artean korrikalari lizentzia kendu)... Urte gutxiren buruan bestela ezin eutsiko zaio belaun protesien gastuari. Eskerrak turismoaren zergek jasangarri bihurtuko duten sistema.

Estrasburgon 1518.ean San Vitoren dantza deitutakoa famatu zen. Historian aurretik eta ondoren hainbat aldiz errepikatu den izurrite horren jatorria oraindik ez da argitu, baina ongi dokumentatua dago: arrazoi jakinik gabe, ehundaka pertsona dantzan hasten ziren kalean, gelditu ezinez, errendi erori edo batzuetan hil arte. Korrikalarien kasuan dantza gelditzen da belaunak, orkatilak edo beste zerbaitek fallo egiten duenean. Etorkizuneko historiagileek agian San Korrikaren Estura deituko diote horri.

Karrera hauetan deigarria da amaieran korrikagileek zenbat besarkada ematen dizkioten elkarri. Besarkadak era esponentzialean ugaltzen ari dira. Hedabideetan ere urrutiko korrespontsal batekin hitz egin ondoren besarkada esaten diote, egunero konektatzen badute ere. Muxumerke entzuten genuen sarri haurretan. Orain besarkadamerke ugari sortu da.

Euskaldunok ezagutu genuen besarkada famatu baten balioa: 1839.ean, lehen gerra karlista amaitzeko ikur gisan, Espartero eta Maroto jeneralek elkarri emandakoa. Momentu oso hunkigarriak bizitu omen ziren, urteurrenean euskal dantzak eskaini ziren, agintariek aurreskua dantzatu zuten... Eta geroztik beste bi Karlistada, etengabeko liskarrak, Frankada, ETA, GAL... Besarkadak manifek baino eraginkortasun txikiagoa izan zuen.

Pablo Sorozabal musikariak bere bizitzako liburuan honela dio: gure familiako espiritua hitz hauetan labur liteke: efusio gutxi eta maitasun sakona; baina, egia esanda, ezaugarri hauek euskal familia guztiei zabal lekizkieke.

Errepuestoko Borboia ere, orain gutxi, Valentziara joan zen besarkadak banatzera. Ikustean horrela pentsatu nuen: valentziar gaixoak, diru-zorroa zaindu! Alegia, besarkada gutxiago eta jardun zintzo gehiago. Errespetua eta maitasuna jardunezko besarkadetan erakustea hobe. Bada biderik besarkada praktikoak banatzeko: bidali laguntza ekonomikoa Valentziako kaltetuei, Gazakoei, Etiopiakoei, afari solidariokoei... Nonahi da aukera. Horretan izan behar besarkadamerke eta laguneskuzabal.