GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN ERROMANTIKOAK

Hitzen bidez esatenez direnak


Zenbait arlotan jada desagertzear dagoen mundu batez mintzo da filma; laguntza sare ziren auzokideen komunitate bizitza edota langileen arteko elkartasuna, esaterako.

Film luzeen munduan Sañudoren ibilbidea laburra izanda ere, apurka, bere lorratza eta zigilua uzten ari da. “Ane” filmaren zenbait elementu narratibo eta estetiko ageri dira hemen, jarraitutasun handia dago bien artean eta bere egiletza lana antzematen da.

Egituratu duen forma eta edukia azpimarratuko nituzke, baina lerro hauen tarterik zabalena izen propio bat nabarmentzeko baliatuko dut, bera baita filmaren arima eta bihotza: Miren Gaztañaga; lan itzela egin du. Bere ekintza, keinu zein isilune, zama emozional indartsuz gainezka dago eta gauza garrantzitsuak ia hitzik erabili gabe adierazten ditu. Iruneren rola jokatzen du; emakume bakarti bat da eta ezagutu zuen bizitza bere begien aurrean nola desegiten den ikusten ari da. Ez du bat egiten gizarte-ereduekin, eta langile klaseko herri industrial batean bizitzeak inposa diezazkizukeen geruza ugarien atzean ezkutatzen da. Ondorio negatiboak ekarri arren, bidegabekeria bat gertatzen ari dela uste duenean inplikatzeko gai da, baita gurasoen hilobietatik ahalik eta gertuen egoteagatik ametsei uko egiteko kapaz ere; etsita, giza kontaktu bila, sekula hartuko ez dituen tren bidaiei buruzko informazio eske deika arituko da.

Aterpe gisa hartzen dugun errutinak zoriontsu egiten al gaitu? Orain daukagun bizimodua txikitan amesten genuena da? Aretoko argiak piztu direnean galderak horiek hasi dira dantzan nire garunean.

Zeinen lan ederra.