Armagabetzea eta erreferenduma
Esan ohi da ergelei eta inozoei bakarrik bururatzen zaiela olatuak eskuekin gelditzen saiatzea. Gaiztoak ere gehitu beharko zaizkio zerrenda horri. Izan ere, halako egoera batean zegoen Euskal Herria 2017 urtearen hasieran; Espainiaren maltzurkeriak -Frantziaren laguntzaz- historiaren bilakaera eten nahi zuen.
Baina olatuekin gertatzen den moduan, jendarteak borondatea eta engaiamendua batzen dituenean, bere energia geldiezina bilakatzen da. Aurreko urtean, Luhusoko polizia operazioaren ostean, Gobernu espainolak ETAren armagabetze prozesua trabatutzat jo zuen. Bitartean, aitzitik, bakearen artisauek ez zuten inola ere etsi. Are gehiago, ekinbidea azkartu eta sendotu zuten.
Gauzak horrela, martxoaren 17an eta 18an, Biarritzen, bakearen aldeko foro berezi bat izan zen. Hasierako jardunaldian bakearen artisauek albiste borobil eta zehatz bat eman zuten: ETAren armagabetzea apirilaren 8an, larunbatean, izango zen. “Le Monde” egunkarian Txetx Etcheverryk argi eta garbi azaldu zuen: «Estatuak itsu eta gor jarraitu nahi badu, jendarte zibilak iniziatiba hartzea beste erremediorik ez dago».
Bakearen artisauak prozesuaren fokuaren zentroan bazeuden ere, Foro Sozial Iraunkorrak bere lana bete zuen, proposamenak egiten eta lantzen, kontaktuak prestatzen...
Azkenean, apirilaren 8a heldu zen. Goizean goizetik, ia berrehun boluntario zibil ETAk markatutako zortzi kokalekuetara abiatu ziren. Han, peto berdea jantzita, armategiak zaintzen, Polizia frantsesaren zain egon ziren, armak eta leherkariak haien esku uzteko.
Ordura arte munduan inoiz eta inon ez zen halakorik gertatu.
ARMAK HARTU ETA ARMAK UTZI
ETAk, apirilaren 7ko datarekin, BBCri bidali zion komunikatu bat jada erakunde desarmatua zela aitortzeko: «Euskal Herriaren alde egiteko hartu genituen armak eta Euskal Herriaren esku utzi ditugu orain, gure herriaren bakea eta askatasuna lortzeko bidean urratsak egiten segitzeko».
Armagabetzea eta gero, arratsaldean, milaka lagun bildu ziren Baionan, gertatutakoa ospatzeko.
Madrilen gertaera mespretxu osoz jarraitu zuten, jendarte zibilak haien estrategia suntsitu egin zuen eta. Aitzitik, Parisek goiz hartan gertatutakoaren balioa aitortu zuen. Gero jakin zen ETAk eta Gobernu frantsesak bi urte zeramatzatela zeharkako harremanetan, eta hilabete gutxi lehenago Espainiaren estrategiatik aldentzea erabaki zuela. Hala, armagabetzea Parisko Gobernuaren oniritziarekin gauzatu zen.
EAJk ekimenari garrantzia kendu zion. Jelkideen buruak, Andoni Ortuzarrek, argi adierazi zuen: «Ez dut nahi gaizki ulertzerik, baina nire ustez, larunbateko albiste garrantzitsuena Metroaren 3. linearen inaugurazioa izan zen, etorkizunera abiatzen den zerbait delako».
Hiru hilabete geroago, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bere lana bukatua zela iragarri zuen. Parisen izan zen, uztailaren 6an, eta han ziurtatu zuten ETA erabat armagabetuta zegoela.
Uztailaren 10ean, 23 euskal eragilez osaturiko ordezkaritza bat Parisera joan zen, espetxe politikarekin zerikusia zuten erakundeekin eta aholkularitza elkarteekin biltzeko. Justizia Ministerioaren egoitzan izan ziren, eta lan esparru komun bat osatu zuten.
Espainian ez zuten deus ere mugitu. Urruntze politikari buruz Europatik abisu zuzena jaso zuten urrian, baina Madrilek ez zion jaramonik egin.
EPPK: SAMINA ETA EZTABAIDA
2017an bi preso eta errefuxiatu bat hil ziren. Uztailean, bihotzekoak jota Kepa del Hoyo zendu zen Badajozeko espetxean. Azaroan, gaixotasun luze baten ondorioz, Belen Gonzalez hil zen. Bere osasun egoera larriagatik ETAko militante historikoa bere etxean betetzen ari zen zigorra. Eta hil horretan bertan, Mexikoko erbestean, Javier Perez de Nanclares bihotzekoak jota zendu zen.
Sarek eta Etxeratek «haur motxiladunei» aurpegia jarri zieten. Izan ere, 113 adingabek gurasoak espetxean zituzten, zenbait kasutan biak, ama eta aita; eta hiru ume amarekin espetxean bizi ziren, hiru urte baino gutxiago zituztelako.
EPPK-k abiatutako eztabaida prozesua 2017an bukatu zen, eta ondorioak argiak izan ziren: %73 legezko bidea aztertzearen alde agertu zen, eta %14 kontra. Kolektiboko kideen ia hamarretik bederatzik parte hartu zuten hausnarketa prozesuan. Handik aurrera, preso bakoitzak bere ibilbide legala landuko zuen, eta berak erabakitakoak Kolektibo osoaren laguntza jasoko zuen.
Erakunde armagabetu gisa, ETAk ere bere etorkizunari buruzko barne eztabaidari ekin zion. Hausnarketa horren oinarria hauxe izan zen: «Zer egin behar du ETAk Euskal Herrian abiarazi behar den herri prozesu independentista baldintzarik egokienean garatzeko, erabakitzeko eskubidea egikaritzea ekarriko duen indar metaketa errazteko?».
Ondorengo hilabeteetako eztabaida prozesuan erakundeko 1.335 militantek parte hartu zuten; baina hausnarketa eremua 3.000 pertsona ingurura zabaldu zen.
Torturaren erabilera sistematikoa agerian geratu zen Paco Etxeberriaren lantaldeak praktika horri buruzko txostena argitaratu zuenean. Abenduan aurkeztu zuten, eta 1960tik 2014ra arteko 4.113 kasu azaltzen ziren; haien artean, 36 sexu bortxaketak ziren. Txostena soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleei zegokien.
2016ko Altsasuko Ferietan bi guardia zibilek herriko gazte batzuekin taberna batean liskar bat eragin zuten. Consuelo Ordoñezek bultzatuta, Auzitegi Nazionalak taberna-borroka hori «terrorismotzat» jo zuen eta kasua hartu zuen.
Gazteen aldeko elkartasuna eta mobilizazioak izugarriak izan ziren, eta eskandalua Europako Parlamentura ere heldu zen. 2017 bukatzerako, Oihan Arnanz, Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda espetxean zeuden, sakabanaturik eta urrundurik.
URRIAREN 1EKO GALDEKETA
Katalunian ere, Espainiako Estatua demokratizatzeko aukerarik ez zegoela agerian geratu zen.
Trabak traba eta Estatuaren biolentzia gorabehera, urriaren 1erako Carles Puigdemont presidenteak iragarritako autodeterminazio erreferenduma egin zen. Eta han ere olatuak eskuekin ezin direla gelditu geratu zen agerian.
Hauxe zen galdera: «Katalunia errepublika moduko Estatu bat izatea nahi duzu?». 12.000 poliziak osatutako operatiboak 6.000 hautetsontzi harrapatu nahi izan bazituen ere, bozkatzeko kutxak iritsi egin ziren 2.000 bozkalekuetara. 2.286.217 pertsonak bozkatu zuten, zenbait lekutan Poliziaren biolentzia gaindituz. Mila herritar zauritu zituzten.
Hautetsontzietara bozkatzera gerturatu zirenen artean %90,18k independentziaren alde bozkatu zuten. Aitzitik, %7,83k kontra.
Kataluniako egun hartako irudiak historian geratu dira. Eta ez bakarrik egun hartakoak.
Urriaren 3an greba orokorra izan zen Katalunian. Bi egun geroago, Espainiako erregeak mehatxuak bota zituen diskurtso batean.
Giro oso tenkatu eta nahasian, independentzia aitorpena bozkatu zuten Parlamentuan. Baina inoiz ez zuten indarrean sartu, eta Estatuak aurrea hartu zuen Konstituzioaren 155. artikulua ezarriz.
Atxiloketak hasi ziren, Puigdemont presidenteak Belgikara ihes egin zuen... eta Kataluniako independentziarako bidea lokatzetan trabatu zen.
155. artikuluaren pean, abenduaren 21ean hauteskundeak egin zituzten. Halako giro kutsatuan, indar independentistek inoiz baino boto gehiago lortu zituzten. 2017. urtea Katalunian ziurgabetasun osoan murgildurik bukatu zen.
Ipar Euskal Herrian, urte hasieran Euskal Elkargoa eratu zen. Hamarkadaz hamarkada Parisen mespretxua jaso ondoren, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bildu ziren erakunde batean, eta Baionako alkate Jean-Rene Etchegaray lehendakari aukeratu zuten.
EH Bilduk ekainaren 17an kongresua egin zuen Bilbon eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusi aukeratu zuen.
Urtarrilean Sorturen kongresua izan zen. Militantziaren %91k “Zohardia” ponentziaren alde bozkatu zuen, eta Otegi aukeratu zuten idazkari nagusi. Gero, EH Bilduren kongresuaren ostean, Arkaitz Rodriguezek hartu zuen kargua Otegiren ordez.
20. Korrika Euskal Herria zeharkatzen ari zen bitartean, Nafarroako Parlamentuak ikurrina kriminalizatzen zuen Ikurren Legea indargabetu zuen, UPNren eta PPren amorru handiaren erdian.
Haien amorrua azaleratu zen Joseba Asiron Iruñeko alkateak Korrikaren lekukoa eskuan korrika egin zuenean ere.
Benjamin Franklinek esan zuen moduan, «lotsan bukatzen da amorruz hasten dena».