Peli LEKUONA
DONOSTIA
Interview
Elene Lopetegi eta Naia Kortabarria
Bilgune Feministako bozeramaileak

«Militantzia aktibatzeko tresna da utopia, kolektiboan pentsatzea dakar»

Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministek gaur lur hartuko dute Laudion. “Trantsizio feminista dimentsio guztietan” izango da ekitaldiaren leloa, eta Bilgune Feministako kideek NAIZ Irratian aurreratu dutenez, utopien bila arituko dira, mugimenduko kideen ilusioa berpizteko helburuz.

(GARA)

 

Bilgune Feministaren estrategia politikoan mugarria ezartzen dute bi urtean behin antolatzen diren topaketa hauek. Zer aldaketa eragin dituzte aurreko edizioek?

Elene Lopetegi: Topaketak erabili izan ditugu estrategia orokorren inguruan pentsatzeko, testuinguruaren bueltako hausnarketak egiteko eta, beste batzuetan, baliatu ditugu gai konkretuagoak lantzeko. Aurten, hausnarketa orokorragoetara itzuliko gara.

Edizio honetako lan ildoak zeintzuk izango dira?

Naia Kortabarria: Euskal Herriari nahiz Euskal Herriko mugimendu feministari buruzko irakurketa egin dugu, eta ikusi dugu giroa nahiko itzalita zegoela. Desesperazioan edo tristuran erori izan da askotan mugimendu feminista, batez ere etorkizunaren iragarpen ezkorrak egiten direlako. Esaten da errazago irudikatzen dugula munduaren amaiera, kapitalismoaren eta heteropatriarkatuaren amaiera baino. Orduan, pentsatu genuen gure eginkizuna borroka berpiztea dela. Gure mugimenduan ilusioa pizteko momentua dela ikusi genuen eta hortik etorri zen utopien gaia.

“Trantsizio feminista dimentsio guztietan”; lelo hori aukeratu duzue hamargarren ediziorako.

N.K.: Argi ikusten genuen trantsizio feministaz hitz egiterakoan ezin genuela hitz egin norabide bakar batez. Errealitatea oso anitza da eta guk dimentsio guztietan eragin nahi dugu. Topaketetako ariketa zentrala horretan oinarrituko da; izan ere, badakigu errealitatea ordezka dezaketen dimentsio asko daudela: harremanak, hezkuntza, kultura... Laudion, dimentsio guzti horien inguruan pentsatuko dugu: nolakoa gustatuko litzaiguke izatea hezkuntza? Nolakoak gure harremanak?

Ez dugu utopietan pentsatu nahi utopia perfektuak soilik marrazteko. Garrantzitsua iruditzen zaigu utopien inguruan pentsatzea, egungo errealitatea aktibatzeko tresnak direlako, eta desmobilizazioaren aurrean gure militantzia aktibatzeko. Utopietan pentsatzeak, bere horretan, modu kolektiboan pentsatzea dakar.

Urtebete da zaintza sistema publikoa aldarrikatzeko greba feminista orokorra egin zela. Izan da aurrerapenik?

E.L.: Urtea betetzear dago eta urteurreneko eguna mobilizatzeko baliatuko dugu. Aurreko greban EAEko eta Nafarroako administrazioak interpelatu genituen, eta eskaera argi bat luzatu genien: ez dezatela zaintzarekin negozio gehiago egin, baita sektore arteko mahai bat osatu eta gurekin eser daitezela. Ez dugu inolako erantzunik jaso eta zaintza lanek merkantilizatuta eta pribatizatuta jarraitzen dute. Gauzak aldatu dira, mugimendu feministan gero eta artikulatuago gaudelako, jende gehiago aktibatu delako, gaia sozializatu delako... Indarrak metatzen ari gara nahi dugun horren alde borrokatu ahal izateko, baina aldaketak egin behar dituzten horiek ez dira beraien lekutik mugitu.