NOV. 17 2024 ZORROZTARRIA Gaitz eta erdi! Julen MURGOITIO Planeta lokaztua, gero, Lur izeneko hau. Lokatz transgenikoa, planeta tentsionatua. Plastikozko ontziek lortu dute orain arteko Nazio Batuen Erakundeak inoiz lortuko ez duena, hots, hemisferio bien ingurumena berdintzea. Ingurupena. Hori bai, ontzi gehienek orain tapoia atxikian! Gaitz erdi! Edo gaitz eta erdi! Eta hemisferio bietan tenperatura norabide berera ekartzea ere lortu du plastikoak, berotzera ekarri ere. Kolpea, gero; han-hemen indartzen ari diren blokeen arteko era guztietako gerrak ez dira behintzat hotzak izango! Gaitz eta erdi! Negu nuklearra bera ere epela izango bide da, adimen artifizialak iragarri bezala. Antropozenoa esaten diote batzuek anpotrozenoa ere izan daitekeen krisi asko eta askotarikoen garai zoro honi. Datuak pandemia. Albisteak lokatz. Erabakiak lupetz. Egiak gezur. Garajeak ibai. Zaharrak berri… bai, baina denboran aurrera egin ahala denbora gutxiago dago ziaboga egiteko. Kontua, baina, balizak ondo jartzea da, eta ondo ikustea. Begiratu eta ikusi ez baita gauza bera, ezelan ere ez. Harira, Murgoitio, COPen harira! A bai, barkatu, tenperaturak berotu nau! Azerbaijanen dira horretaz egunotan, egia. Edo faltsua! Pederastak nagusi hango haurtzaindegian, interes pribatuen ordezkari gehiago interes publikoenak baino. Interes ezberdinak, jakina! Azeriak bai jan han! Azeri transgenikoak. Nork-nori-zor sistema ustez ezbaian han. Eta zerga erreforman hemen. Formaren erreforma gehiago zergena baino. Zergak zergatik galdetu aurretik zergak zertarako erantzun behar. Nork-zer, hemengo sozialista ofizialentzat euskal nortasuna utopia da, eta erabakitzeko eskubidea bera ukopia. Baina utopia dugu eraldaketarako bidaide, balizak ondo kokatzeko, bihotza bero, burua hotz, tarteko helmugak gauzatuz, ekopia. Hala bada hala biz, ez bada ora pro nobis!