«Justizia euskaraz eta euskaraz justizia». Baionako epaileei bigarren gutuna
Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienetz galdegin nion. Gutxiespenez ezetz erantzun zidan. Orduan, nire gutuna frantsesez eskuratu zuenetz galdegin nion. Ez zuela eskuratu erantzun zidan. Eskribauak, gutuna epaileak esku artean zuen txostenean zela adierazi zuen. Epaileak eskutitza ez zuela irakurri erran zuen. Gauzak hola, epaileari euskaraz deklaratu nahi nuela jakinarazi nion. Ukatu egin zidan. Martxoko auzian bezala, euskaraz zergatik deklaratu nahi nuen azaltzen hasi nintzaion frantsesez. Berriz ere berehala hitza moztu zidan eta ez zidala euskaraz deklaratzen utziko berretsi zidan. Horiek hola, ez makurtzea erabaki nuen eta epaitegitik atera nintzen. Epaiketak ni gabe segitu zuen. Berriz ere bidegabeki, 3.268 euro ordaintzera kondenatu ninduzuen.
Berriki kondenazio agiria igorri didazue. Gutun honekin batera itzultzen dizuet kondenazio hau ez delako zilegizkoa. Ezarri didazuen isuna ez dugu ordainduko, euskaldunen aurka eragiten duzuen zapalkuntzari erresistentzia egiten diogulako. Hain zuzen, Euskal Herrian euskaraz deklaratzea ukatzea zapalkuntza da, euskara Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza delako eta lurralde honetan beti bizirik delako, nahiz eta frantses Estatuko agintariek gutxiengoan ezarri duzuen. Euskara Baionako jatorrizko hizkuntza da, eta bertan euskaldunak ez dituzue isilaraziko.
Zuen iritziz hizkuntzen aniztasunak balore kulturalik ez duela ohartzeak tristatzen gaitu, eta aniztasun hori hiltzen duzuela ikusteak asaldatzen gaitu.
Georges Brassens eta Vincent Rocaren hizkuntza biziki maite dut. Autore hauek, beste hainbatek bezala, frantses hizkuntzaren edertasuna agerian ematen dute, eta, bereziki, frantsesa justiziaren aldeko hizkuntza bilakatzen dute. Epaitu nauzuen Baionako epaileok eta frantses Estatuko agintari ainitzek, aldiz, frantses hizkuntza desohoratzen duzue, frantsesa hizkuntza hiltzailea bilakatzen duzue, zuen ahoan frantsesa gutxiespenaren eta zapalkuntzaren hizkuntza da, euskaldunon duintasuna zangopilatzen duen hizkuntza. Hizkuntza guziak ederrak dira, salbu injustiziaren hizkuntzak bilakatzen direlarik.
Epaitegietan euskaraz deklaratu nahi dugu eta euskara justiziaren aldeko hizkuntza izatea nahi dugu: justizia euskaraz eta euskaraz justizia.
Gure aldetik aihergorik gabe, euskara eta frantsesa ohoratzera gomitatzen zaituztegu.
Epaile andere-jaunak, har itzazue nire agur zintzoak.