GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Asisko Urmeneta
Marrazkigilea

«Mendeetan isilarazi dituzten emakumeeei ahotsa itzuli nahi diegu»

«Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik» dokumentala prestatzen ari da Asisko Urmeneta. Lehenik jazarriak eta hilak eta ondoren lau mendez isilaraziak izan diren emakumeei ahotsa eman nahi die. Nazioarteko adituak zein euskal aktibistak ditu bidaide ikus-entzunezko proiektuan. Gaur abiatuko da lana bultzatzeko «crowdfunding» kanpaina.

Asisko Urmeneta (eskuinean eserita, txapela buruan) dokumentalerako elkarrizketa egiten Bidankozen. (NIEZNAIZSORGINA.EUS)

 

Mendez mende zabalduz joan diren zenbait legenda eraitsi nahi ditu “Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik” dokumentalarekin. Euskal Herrian sorginez dugun ikuspegia aztertuz hasi nahi izan du elkarrizketa, filmari testuingurua emate aldera. «Batetik, mitologiaren aldetik botere bereziak ditu sorginak. Eta lurrekoa da, edo, Jose Migel Barandiaranek esan bezala, lurpeko izakia da, zehazkiago. Eta gauekoa», azaldu du.

Herri guztietan zegoen sorgin ezagun bat. Bertuteei zein ezaugarri negatiboei lotzen zitzaien, ikuspuntuaren arabera. «Onerako, emagina, belargilea, sendagilea eta igarlea zen. Eta txarrerako, pozoitzeak, ekaitzak erakartzea edo begizkoak egitea leporatzen zitzaizkion».

Gaur egun eraikitzen ari den irudikapen garaikidearen arabera, feminismoaren ikur bilakatu da sorgina. «Emakume ahaltsua, librea eta naturaren jakituna bezala berreraikitzen ari gara. Ospakizunetan (inauteriak, akelarreak…) erritu iniziatikoa da nerabeentzat», azaldu du. Akelarreari lotuta doa gurean sorgina. Usteak ustel. «Akelarrea oso gurea dela iruditzen zaigu, euskal kulturari lotutakoa. Azkenaldian errebeldia zeinu gisa berreskuratzen ari da, Elizaren kontrako oldartzea, feminismoa… Baina historikoki eta positibismo zientifikoaren argira, akelarrerik ez da izan Euskal Herrian sekula. Elite intelektualaren asmakeria izan zen sekta satanikoaren alibiari lotuta», esan du iruindarrak.

Sorgin-ehiza du ardatz filmak, hain zuzen ere. «Momentu historiko jakin batean Mendebaldean eraiki den alibi juridikoa da, disidentzia oro suntsitzeko», azpimarratu du. «XVI. eta XVII. mendeetan ekuazioan deabrua sartzen da lehenbiziko aldiz. Sorginkeria demoniakoa edo sekta satanikoa asmatzen da. Jada ez dira herriko pertsona jakin batzuk hortik bizi direnak, kolektiboa da. Populazio osoa jazarri, harrapatu eta suntsitzeko aukera ematen du defentsarik gabe».

«NI EZ NAIZ SORGINA»

Izenburuak argi islatzen du zeri jarri nahi dion fokua dokumentalak. “Ni ez naiz sorgina” ideia da lehena. «Sumario aunitzetan agertzen den deklarazioa da. Herritarra ehizatua izan da bere herrian, ondasun guztiak bahitu dizkiote, bera ere bahitua izan da, Calahorrara edo Logroñora eramana izan da, Inkisizioaren presondegi sekretuetan inkomunikatu eta halako batean hasi da galdeketa. Jakinarazten zaiolarik ze delitu duen kontra, sorgina izatea, akusatuaren erantzuna da ‘ni ez naiz sorgina; nik nire bizitza ateratzen dut garbiki ene izerdiaz. Ez dakit zer den sorgin izatea’. Sekta satanikoaren akusaziopean jazarriak, punituak, bortxatuak, hilak, sarraskituak izan diren horiek guztiak ez dira sorginak izan», nabarmendu du.

Erratz gainean doan sorgina pirulina fantasiari lotuta dago, Urmenetaren esanetan. «Sorgina lurreko izakia da, euskal mitologiaren arabera, eta, aldiz, XVI. mendetik aurrera airez aire joatea leporatzen zaie sorginei». Euskal Herrian erratzik ez da -Europako beste herrialde batzuetan bai-, ahuntzaren edo zaldiaren gainean ibiltzen dira, edo haiek beraiek hegaka. Erratzarena ondoren guk egokitu egin dugu gaur egun sortu dugun nahaste-borrastean».

Lehenbiziko exekuzio kolektiboa duela 500 urte gertatu zen, Auritzen. «Urte hartan bertan ala hurrengoan adituen bilera egin zen Granadan. Sorginak airez aire ibiltzen ziren egiazki ala drogen erabilpenaren bidez edo ametsen bidez abiatzen ziren erabakitzea zen helburua. Eztabaida teologiko edo juridiko oso sakona izan zen. Sorginik bazen ez zen dudan jarri. Hori egia beretua zen. Momentu hartan botereari etsai bat izatea komeni zitzaion jendearen kontra jotzeko. Sekta kolektibo satanikoa zen etsaia».

“Suak errerik” da bigarren klabea, izenburuak indartzen duena. «Akusatuak sorgina zela aitortuz gero, bizitza salbatzen zuen usaian. Bukaerara arte ukatu zutenak erre zituzten. Hala ere, aunitzek, torturapean ere, eta jakinik sutara joanen zirela ukatuz gero, atxiki zuen bere egia hil arte», esan du.

Lehenengo urkatu eta ondoren erre egiten zituzten. «Bizitza arrastoa bera ere desagerrarazi nahi zuten, damnatio memoriae, existituko ez balitz bezala, nahiz eta bere familia hiru belaunaldiz zigortua izan. Sorgina zegoen familiaren kasuan ondoko hiru belaunaldietan ez ziren Ameriketara joaten ahal, ez zuten armarik eramaten ahal, ezin zaldiz ibili… azpi-lumpen bat bihurtzen ziren kondenatuaren familiako kideak».

SUNTSITU HERRITARRAK, SUNTSITU ERRESISTENTZIAK

«Suak suntsitu zituen pertsonak, suntsitu zituen erresistentziak. Momentu hartan absolutismoa pizten ari zen Europan eta herritarrei diziplina ezarri eta ordena ezartzeko beharra zuen, autoritarismoaren bidez, sorgin-ehizaren mitoa asmatuz. Sophie Houdard, Sorbonako irakasleak egin diogun elkarrizketan dio behar zutela sekta satanikoa beraien muga-eskualdeak garbitzeko eta beren absolutismo politiko, kultural eta erlijiosoa ezartzeko. Europa osoan gertatu zen. Kasualki, potentzia handi horien arteko muga-eskualdeetan gertatu ziren prozesu latzenak; besteak beste, Euskal Herrian. Hemengo jazarpen kolektiboa ikaragarria izan da. Hemengo haurren instrumentalizazioa beste inon baino handiagoa izan da prozesuetan».

“Keak gorderik” da giltza den hirugarren ideia. «Une jakin batean, arrazoi geopolitikoengatik, Espainiako monarkiak deliberatu zuen sorgin-ehizari bukaera ematea. Kasualki Espainia eta Frantzia bake bidean sartzen ari zirenean gertatu zen. Inkisizioak dekretatu zuen isiltasun ediktua. Ezin zen salatu edo aipatu ordura arteko jazarpena. Isiltasun ediktua 1614. urtean gertatu zen; horrek esan nahi du azken lau mendeotan ez dugula beste bertsiorik izan. Kontakizun bakarra izan da. Delancreren liburuan Ciarducok edo Goyak XIX. mendean erabili zuten iruditerian, akerra erdian, sorgin zaharrak inguruan begi-niniak jaten, lau mendez errepikatu izan den errelatu bakarra da. Horregatik lau mendeko kea da isiltasun ediktuak markatu duena. Egiatik oso urrun eta inkisidoreen bertsio interesatua bakarrik ezagutu dugu. Horrek zer ekarri du? Gaur egun gure herrietan jotzen dugu inkisidoreen ipuin edo fabula horretara, akelarreak, sua, sexu praktika debekatuak… oraingo egunean mistifikazio berriak sortzen ari direnez, fokua jarri da jauntxoen gainean eta probetxua atera dutenengan ehiza horretatik. Bidaia biziko du ikusleak. Ez genuen XVII. mendean geratu nahi. Ezta buru kalakariak bata bestearen atzetik jarri. Bisualki planteatu dugu manera berritzaile batez. Bidaia izango da, egia atzematen saiatuko naiz. Nazioarteko adituak, herrietako ikerlariak edo aktibistak -Hernanin zergatik egiten duten Akelarrea edo Bidankozen Sorginaren Jaitsiera- ikusten transmisioa nola eman den edo ez den eman gure etxeetan. Duela lau mende hain latza izan den jazarpenak arrastoa utzi du gure herrian eta interesa bada jakiteko zehazki zer gertatu zen».

Herri askotan desaraikitzea egiten ari dira. «Senperen, adibidez, Katalina Elizalde sorgin bezala prozesatu zuten emakumearen izena du Seaskak ireki duen kolegioak. Hau ere bada herritarrek berrirakurketa berria egiten dutenaren zantzua. Parte hartu nahi dugu egiten ari den deseraikitzean. Arras interesgarria zaigu gure bidaian eta horren partaide eta horren lekuko izan gara». Garapen fasean da proiektua. «Esploratzen ari gara ze narratiba bisual eman nahi diogun. Garai bateko eta oraingo pertsonaiekin bestelako kontakizuna egin nahi dugu, komikiaren kulturatik eta binetatik abiatuta. Emozioek eta sentimenduek tokia dute, dudarik gabe. Sorgin-ehizan eta ondoren isilarazi zituzten emakumeeei ahotsa itzuli nahi diegu. Bidegabekeria ikaragarria egin da haien kontra. ‘Ni ez naiz sorgina’ dokumentalean haien orroa geure egiten dugu».

«CROWDFUNDING» KANPAINA

Gaur abiatuko da proiektua aurrera ateratzeko martxan jarri duten crowdfunding kanpaina. «Proiektua egiten ari gara eta egingo dugu, zernahi gisaz. Osotasun estetikoa eta teknikoa ematearren beharko genuke sosa. Ikusleari diogun errespetuagatik. Eta diru gehiago lortuko bagenu, ari gara planteatzen garai bateko ilustrazioak marraztuak agertzea edo Adur Larreak animaraztea marrazkiak. Eta nazioartean ere ikusarazi nahi dugu. Irakurketa oso interesgarriak egiten ari dira Europako beste eskualde kaltetu batzuetan eta horiekin noizbait irakurketa integrala egitera iristea interesgarria da».