Ion GARATE - Zuriñe IGLESIAS

KIROLA ZENTZUZ EGITEN JAKIN, OHITURA OSASUNGARRIA IZAN DADIN

Kirola egiteko ohiturak eragin positiboa du ongizate fisiko, mental eta sozialean, baina garrantzitsua da ariketa fisikoa modu osasungarrian nola egin jakitea, gehiegizko autoexijentzia alde batera utzita. Honen inguruko ohartarazpen eta aholku sorta eman du Aritz Olagoi kirol psikologoak NAIZ Irratian.

Korrikalariak, joan den igandean egin zen Behobia-Donostia lasterketan.
Korrikalariak, joan den igandean egin zen Behobia-Donostia lasterketan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Demostratuta dago kirola egiteak eragina duela ongizate psikologikoan, baina nola sortu ohitura osasungarriak? Nola laguntzen dute hauek osasun fisiko, mental eta sozialean? Galdera horien inguruko gakoak eman ditu Aritz Olagoi kirol psikologoak NAIZ Irratian.

Lehenbizi, ohitura osasungarriak zer diren zehaztu du Olagoik. Ohitura, gogoratu duenez, «ekintza bat askotan errepikatzearen ondorioz» sortzen den hori bada, eta osasuna, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) hitzak ekarrita, «erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera» izanik, bi alde horien baturak osatuko du ohitura osasungarrien definizioa. Olagoik aipatu duenez, kasu askotan hiru aldeen -fisikoa, mentala eta soziala- arteko oreka lortzea izaten da zailena. «Gertatzen da hiru hanketako bat edo bi indartsu ditugula, baina beste batek huts egin dezake», gaineratu du. Sarri, gainera, alde soziala ahazten dela nabarmendu du, normalean, soilik aldagai fisiko eta mentalak lotzen baitzaizkio osasunari.

Aritz Olagoik NAIZ Irratian zehaztu duenez, frogatua dago ariketa fisikoa egiteko ohitura izateak eragin positiboak dituela. Autoestimua hobetzen laguntzen du, «pixkanaka helburu fisikoak lortzen joango baikara, indartsuago sentituko gara, eta gusturago», esan du. Era berean, estresa gutxitzeko tresna eraginkorra izan daiteke kirola. Egunean zehar pilatutako energia negatiboa askatu eta arintzeko ahalmena du, psikologoaren esanetan.

Hala ere, ohar bat egin du estresaren kontuaz: «Kontrako eragina ere izan dezake. Hau da, errendimendu puntu bateraino iritsi nahi badugu eta entrenamenduetan gure burua asko estutzen badugu, gorputza gehiago estresatuko da».

Beti ez dira lortzen pertsona bakoitzak bere buruari ezartzen -batzuetan, inposatzen- dizkion helburuak, eta horretaz ohartzea garrantzitsua dela azpimarratu du psikologoak. «Ematen du jarduera fisikoa egiten hasi eta ohitura hartzen ez duena nagia dela edo ez duela konpromiso nahikorik hartu. Baina, askotan, sasoi fisiko onean ez zaudenean kirola egiten hasteak ez dakar feedback positiborik lehen asteetan. Hor babes sare bat faltan izaten da sarri; kirola indibidualista bilakatzen ari gara», ohartarazi du.

SMART SISTEMA

Ohiturok lortzea, beraz, ez da lan samurra; hain zuzen, jarraitutasuna behar duelako, tematu eta ez etsitzea. «Jarduera fisikoarekin lotuta, gehituko nuke ahalegin bat ere eskatzen duela, diziplina pixka bat, konpromiso bat… Ohitura sortu bakarrik ez, mantendu egin behar da. Motibatuta ez gauden egunetan ere zerbait, gutxi bada ere, egiten saiatzea eskatzen du», adierazi du kirol psikologoak.

Herritarrek bizi ohiturak aldatu eta sedentario izatetik aktibo izatera igarotzeko, kirolaren onurei buruzko informazioa zabaldu ohi dute instituzio eta psikologoek, baina «hori ez da nahikoa», ohartarazi du Olagoik. «Gaur egun informazioa sobera dugu, interesgarria litzateke ekintzara jotzea», esan du. Hala, helburuak finkatzea eraginkorra dela agertu du, betiere gehiegizko autoexijentzia utzita. Ingelesez SMART akronimoarekin ezagutzen den sistema aipatu du psikologoak: espezifikoa, neurgarria, eskuragarria, errealista eta epemuga batekin.

Ezaugarri horiek betetzen dituzten helburuak zehaztea -sakondu du- eraginkorra da jarduera fisikoa egiten hasteko nahiz ohitura hori mantentzeko. Adibide bat jarri du: «Aspaldi kirola egin gabeak garenean, askotan, gure buruari finkatzen diogun helburua da sasoi ona izatea. Ez da helburu eraginkorra. SMART helburuek zer esango ligukete? Hurrengo hiru hilabeteetan, astean hiru aldiz korrika egingo dut, hasieran 15 minutuz eta pixkanaka, denbora gehituz, jarraian 30 minutu egitera iritsi arte».

Nagia zelatan izaten da sarri, baina hori gainditzeko bidea proposatu du Olagoik. Bere esperientziaren arabera, «egunerokoa errepasatzea» lagungarri zaie pertsona askori. «Gogoratzen dute jarduera fisikoa egin eta gero zeinen gustura sentitu ziren. Sentsazioak, emozioak, bizipenak, errepasatzeak laguntzen du esaten: ‘Ez dut gogo handirik, baina joango naiz emozio positibo horien bila’».