NOV. 20 2024 DSBEaren kanpaina «irmoki» salatu eta erretiratzeko eskatu dute GARA GASTEIZ EH Bilduko eledun Nerea Kortajarenak «irmoki» salatu zuen, atzo, Lakuak, zehazki Lanbidek, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruan abiatu duen kanpaina, eta erretiratzeko eskatu zuen, «onartezina» baiteritzo «pertsona zaurgarrienak seinalatzea». Lanbidek «iruzurraren aurkako komunikazioen postontzia» jarri du martxan, DSBEa kobratzen dutenen artean iruzur edo irregulartasunen bat atzematen edo susmatzen dutenek modu anonimoan salatu ahal izan dezaten. Kortajarenak nabarmendu zuenez, gizarte laguntzetan dagoen iruzurra «hutsaren hurrengoa da, %0,25eko ingurukoa,» eta, beraz, datu horiek eskuan, «kritikagarria» deritzo horrelako ekimenak martxan jartzeari, «DSBE jasotzen duten herritarren inklusioaren eta babesaren kontra doazelako». ELAk ere «oso larritzat» jo zuen neurri hori martxan jartzea, «gizarte prestazioak jasotzen dituztenak kriminalizatzeko» kanpaina dela uste baitu.