NOV. 20 2024 GUTUNAK Hizkuntza eskubideen urraketari buruzko kexa Fausto Berazadi Larrea Zarautz 2024ko azaroaren 7an, ostegunarekin, Centro Psicotécnico Zarautz bulegora galdera bat egitera joan nintzen, Zarautzen. Gidabaimena berritu behar izan dut eta 2025erako eman didatenez, nolatan horren denbora laburrerako eman izana galdetu nion harriturik bulegoko sarreran zegoen pertsonari, emakume gazteari, zehatzago. Behin 80 urte bete ondoren, urtez urte berritu behar dela esan zidan, DGTk horrela agintzen duelako. Hori horrela, euskaraz artatua izatearen aukera nahi nuela adierazi nion. Euskaraz ez zekiela erantzun zidan eta adierazpenak gaztelaniaz emango zizkidala gehitu. Nik, berriz, euskaraz nahi nuela, nire hizkuntzan artatua izatearen eskubidea dudalako helarazi nion. Berak erantzun zidan ezin zuela hori bete, euskaraz ez zekielako, eta, gainera, bi urterako bakarrik zegoela Euskal Herrian, eta tarte horretarako ez zuela ikasi nahi. Haren jarrera ikusita, argitu nion espainolaren inposaketa horrek euskara gure herrian galtzeko bidean beste katebegi bat zela. Inposaketa bera aspalditik zetorrela gaineratu nion: eskoletan haurrei eraztuna jartzen zitzaien, Francoren diktaduran euskararen erabilera debekatu zen eta abar. Hark erantzun zidan emigranteek hemendik igarotzean euskara ikasi behar ote zuten. Erakunde publiko bateko bulego batean nengoela eta egoera ezin zela alderatu erantzun nion. Horrelako batean, aulkitik jaiki zen, bulegoko atea ireki eta eskuarekin alde egiteko imintzioa egin zidan. Ea horrela bidaltzen ninduen beste erantzunik gabe galdetu nion. Ez zidan erantzun. Eskerrak eman nizkion atea zabaltzeagatik. Itxarongelan ez zegoen inor zain. Asaldatuta iritsi nintzen etxera euskaraz artatu nahi izateagatik halako umiliazioa jasan behar izanaz. Zarautzen %74 euskal hiztunak gara. Ezin dugu onartu inon gure eskubide linguistikoak zapalduak izatea, are gutxiago entitate publiko batean.