NOV. 20 2024 Hong Kongeko ekintzaileentzat kartzela zigorrak, primarioak egiteagatik Protesta egiterik ere ez dago Hong Kongen. (Europa Press) GARA HONG KONG Pekinen aurka eta demokraziaren alde aritzeagatik Hong Kongeko 45 ekintzailek 4 eta 10 urte arteko kartzela zigorrak izan dituzte. «Estatuaren boterea iraultzeko konspirazioagatik» gogor zigortu dituzte, Txinako Alderdi Komunistak 2020an Britainiarren kolonia izan zen lurraldean inposatu zuen segurtasun nazionaleko lege zorrotzaren pean orain arte egin den epaiketarik handienean. Haien delitua hauteskunde primario ez-ofizial bat antolatzea izan da, non 600.000 boto emailek baino gehiagok aukeratu zituzten hautagaiak legegintza hauteskundeetarako. «Subertsioa egiteko konspirazioa» leporatu zieten, demokraziaren aldekoei hautagaiak aukeratzen eta gehiengoa ziurtatzen saiatzeagatik. Irabazi izan balute, gehiengo hori aurrekontu legearen proiektuak blokeatzeko, gobernuaren funtzionamendua geldiarazteko eta Carrie Lam orduko gobernuburuaren dimisioa behartzeko erabiliko zutela egotzi die auzitegiak. Justizia «prebentiboa». Errepresioaren une gorenen iritsi den ebazpenak egoera kritikoan jartzen du demokraziaren aldeko mugimendua, eta haren maniobra tarte urria higatzen du. Hori gutxi balitz, Jimmy Lai hedabideen handikiaren aurka ebazteko dauden prozesu judizialen berehalako amaierarekin kointziditu du.