NOV. 20 2024 JOPUNTUA Memoriak Kepa KORTA Irakasle eta ikertzailea Radio París entzutera biltzen ziren helduak aitona-amonen etxean isilka, baina azaroaren 20an, ostegunarekin, zuri-beltzeko telebistak eman zien berria. Zarata handirik gabe ireki zuten xanpain botila, kortxoaren bultzadari eutsita. Cava izango zen, baina xanpaina esaten zitzaion orduan. Sidra El Gaitero ere izan zitekeen. Poz leherketarik ere ez zen izan, emozioen isuriari nola edo hala eutsita. Gau hartan hasi zen alaitasuna bazter denak hartzen, pixkanaka, itsasgora barean olatuak hondartza nola. Hots handiagoa egin zuten biharamunean ikastolako irakasle gelan ireki zituzten botilek. Hiruzpalau dolu egun eman ziguten jai. Esperantza kolektiboa sumatzen zen airean. Heriotza hari bai-bainaren bat ikusten ziotenen artean ere bai: «Bai, baina... ohean hil da sasikumea». Asteazken goiza. Logikako klasea Zorroagan. Behingoz puntual iritsi zen irakaslea. Hitzaldi labur eta suharra egin zigun Bilbon bezperan tirokatu zuten Santi Brouardi buruz. Ahoan bilorik gabe, begiak busti, hilketa haren arduradun politikoei buruz aritu zitzaigun: Madrilen zeuden arduradun nagusiak, baina Bilbon ere baziren konplizeak. Ez zen Logika eskolarik izan egun hartan, euskaraz behintzat. Zaharra izanagatik, koloretakoa zen astelehen iluntzean albistea eman zigun etxeko telebista; hala ere, burmuinak zuri-beltzean gorde dizkit irudiak. Josu Muguruzarenak eta Egiako auzoarenak. Berandu zen. Zer egin ez genekiela jaitsi ginen kalera. Aldapan gora zetorren “Argia”-ko Josuri jakinarazi genion. Ezin sinistuzko aurpegiarekin hartu zuen atzera Mundaizko bidea. Suak ere kolore grisa hartu zuen gau hartan. Hiru egun horiek, hiru pertsona horiek, beren bizitzak eta heriotzak har ditzatela gogoan, eta esan diezagutela zein aritu zen faxismoaren eta oligarkiaren alde eta zein berdintasunaren, askatasunaren eta justiziaren alde. Esan diezagutela zein zen terrorista eta zein biktima; nork utzi zuen dena lotuta −ondo lotuta− eta nor saiatu zen dena askatzen. Eta esan diezagutela justizia egin dela, eta, gaur eta hemen, irabazle edo galtzailerik ez dagoela. Beren bizitzak eta heriotzak har ditzatela gogoan, eta esan diezagutela nork utzi zuen dena lotuta −ondo lotuta− eta nor saiatu zen dena askatzen