NOV. 21 2024 ATE-JOKA DATOR DURANGOKO AZOKAREN 59. EDIZIOA Egun bat gutxiago, baina 933 nobedade eta 200 ekitaldi Iazko nobedade eta ekitaldi kopuru berdintsuarekin, erakusmahai gehiagorekin, baina egun bat gutxiagorekin, Durangoko Azokaren 59. edizioa indartsu datorrela suma daiteke. Abenduaren 5etik 8ra egingo da eta euskal kulturaren plazak hamaika bisitari hartuko ditu; horien artean, Irene Vallejo edo Kurdistango idazleen ordezkaritza bat. Beñat Gaztelurrutia, Azoka prestatu duen bere taldearekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Amaia EREÑAGA DURANGO 59. Durangoko Azoka ate-joka dugu eta antolakuntzak agerraldia egin zuen atzo San Agustin kulturgunean, alegia, Azoka egunetan Szenatokia gunea hartuko duen aretoan. Euskal kulturaren hitzordu beterano honetarako, abenduaren 5etik 8ra bitartean “Hartzea ematea da” lemapean egingo den ediziorako, prestatu duten guztiaren berri eman zuten. Aurten, egutegiak horrela aginduta, lau egunetan kontzentratu dute iaz bost egunetan egin zena. Halere, Beñat Gaztelurrutiak, Azokaren koordinatzaileak, aurreratu zuenez, Landako gunean erakusmahai gehiago sartuko dira (274 erakusmahai 153 partaiderentzat), nahiz eta iazko kultur nobedade kopuru berdintsua aurkeztuko den. Hau da, 933 nobedadez osatuko da aurtengo euskal ekosistemaren uzta; 639 liburu, 216 musika produktu, 47 aldizkari, eta bestelako 31 lan. Sormen hori guztia aurkezteko, 200 bat ekitaldi antolatu dira Azokak hartzen dituen guneetan. Horretarako 735.000 euroko aurrekontua izan dute: %47 erakunde publikoetatik jasoa, %25 Azokak berak lortua, batez ere stand-en alokairutik, eta %18 babesle pribatuek emana. 10.00etan jarri zuten atzo durangokoazoka.eus webgunean egitaraua, etengabe eguneratzen joango dena. Denetarik dago, entzun, ikusi eta parte hartzeko. Hona argibide batzuk: DATU PRAKTIKOAK 10.30ean ateak zabaldu eta 20.00 arte egongo da zabalik Azoka, azken egunean izan ezik (18.00etan itxiko da 8an). Garraio publikoa erabiltzea gomendatzen duten arren, autoan gerturatzen direnek ostiraletik, hilaren 6tik, Iurretan aparkalekua izango dute, autobus zerbitzuarekin herrira hurbiltzeko. Eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa ere martxan jarriko da. Puntu Morea Landakon egongo da. IKASLE, GAZTETXOAK... ETA KATXIPORRETA Lehen egunean, ostegunean (abenduak 5), ohi denez, ikasleak izango dira protagonista, nahiz eta Azoka mundu guztiarentzat zabalik egon. 40 eskolatako ikasleak joatea aurreikusten den arren, seguruenik gehiago izango dira. Ostiralean Gazte eztanDA! egingo da. Egun osoko plana da, eta gauez kontzertua egongo da Landako plazan ezarriko den karpan. Baina ilara handiak eragingo dituen beste ekitaldi bat egun horretako eguerdian finkatu da, Katxiporretaren “Zerua lapurtu dute” aurkeztuko baita. Gonbidapenak, 10.30etik aurrera Saguganbarako atean bertan. BASTERRETXEA, GOGOAN Ehun urte bete dira Nestor Basterretxea jaio zenetik eta Azokan gogora ekarri nahi izan dute artista. 2012ko kartelaren egilea izan zen bermeotarra, eta, hain justu, horren originala ikusi ahal izango da datorren astean Museoan zabalduko den erakusketan. Larunbatean, hilaren 7an, gainera, 10.30ean esker ona agertuko dio Gerediaga elkarteak Talaian egingo den omenaldi ekitaldian. NOBEDADEAK AHOTSENEAN 2007. urtean sortu zenez geroztik, aurreneko aldiz ez da genero arrakalarik egongo Ahotseneko aurkezpenetan. Albiste hau azpimarratu nahi izan zuen atzo Gotzon Barandiaranek, gune honetako arduradunak, aspaldidanik bilatutako zerbait delako. Euskal Herriko literatura eta musikaren taupada biziaren isla den gune horrek -50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira- beste nobedade bat dakar: musika eskola obretan dagoenez, liburuen aurkezpenak Landako gunearen albo batean, parkeko eremuan, egingo dira; musika aurkezpenak, betiko legez, Plateruenan. PALESTINA ETA KANPOKO BISITARIAK Kanpoko bisitariei dagokienez, izen propio bat gailentzen da: Irene Vallejo idazle zaragozarra. Pamielarekin dator “Infinitua ihi batean” saiakeraren idazlea Durangora, aurten bere beste lan bat ekarri baitu euskarara Fernando Reyk. “Infinitua ihi batean” liburuaren 200.000 bat ale saldu ditu hizkuntza desberdinetan. Euskal Editoreen Elkarteak hizkuntza minorizatuetako editoreen topaketa antolatu du Museoan, eta palestinarren eta kurduen egoera aurrez aurre ezagutzeko aukera egongo da Azokaren egunetan. Esaterako, Suargi elkartean antolatuta, larunbatean mahai-ingurua izango da museoan eta Ahotsenean bertako eta Kurdistango artistek elkarrekin ekitaldi bat egingo dute 22.30ean. Parte hartuko dutenen artean, Ingot, Itziar Ituñoren taldea. GALDEKETAAzokan norbait galdeketa bat egitera gerturatuz gero, jakin datorren urtean 60. edizioa ospatuko denez gaur egungo azokaren «argazkia» emango duen ikerketa egiten hasi dela antolakuntza.