NOV. 21 2024 Musika aurrindu Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea Aurrindu», lehen aldiz, ‘‘Bizkarsoro’’ filmean ikusi nuen. Ez ahazteko mezu bat bidali nion neure buruari, hiztegian begiratzeko. Zergatik erakutsi gura digu ‘‘Bizkarsoro’’ filmak “aurrindu” hitza eta zergatik salatu XX. mendean ere euskarak eta euskaldunek jasan duten zapalketa politiko-kulturala Ipar Euskal Herrian. Gure kultura zapalduta dagoen arren, guk euskaldunok moldatu eta egokitu behar ditugu gure ohiturak eta kultura hegemonikoak diren beste tradizio zapaltzaile eta hertsatzaileetara.«Aurrindu»-k moldatu esan nahi du, egokitu, afinatu. Afinazio kontuak pasadizo bat erakutsi zidan Bilbo Hiria Irratian, Zilibito Records taldeko Xabi Bergaretxek eta Txuso Goenagak “zuzenekoak noiz?” ohiko galderari emandako ihardespenekin. Gehiago atsegin dute estudio-entsegu gela zuzenekoetako zurrunbiloa baino. Lokalean behin eta berriro landuko dituzte esaldiak, ahotsak aurrindu, eta aurrean ez dute urduri jarriko dituzten entzulerik. Lagunez inguraturik daude. Zuzenekoetan baino hobeto pasatzen omen dute “estudioan”, eta hemezortzi urteko mutikoak dira. Kale egiteko beldurrak eraman ditu hausnarketa horretara. Oholtza gainean ez daude disgustura, baina batzuetan sentitu dute atsekaberen bat. Zuzenekoetako ikuskizunak gabeziak ere baditu, kontrol eza, akatsak… Harrituta utzi ninduten. Zuzenekoetan hainbat arazori aurre egitea nekeza dela. Egiten den guztiari bristada ateratzea komeni da, zuzenean edo estudioan aurrinduz, burua aurritu gabe.