NOV. 21 2024 GAURKOA Nazioa gara Tasio ERKIZIA Ezker abertzaleko militantea Nazioa gara» leloarekin deituak gara datorren larunbatean milaka herritar abertzale eta independentziazaleak Bilboko kaleetan manifestatzera. Jarrera zatitzaileak eta mugatzaileak gaindituz, Euskal Herriaren nazio izaera, burujabetzarako eskubide demokratikoa eta zazpi herrialdeetako lur azalera aldarrikatzera. Autonomismoaren eta instituzio murriztaileen gainetik, herri burujabe gisa Estatuekin buruz buru bere etorkizuna eztabaidatzeko gaitasuna duen nazioa garela oihukatzera. Eta, aldi berean, bide eraikitzaile hau herriarekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugula, bestelako gobernantza eredu parte hartzailea indartuz eta gauzatuz. Gaurko gizartean oso hedaturik dago alderdi politikoekiko mesfidantza eta kritika, mespretxua ez esateagatik. Ez dago batere modan alderdi politiko bateko militante izatea. Frankismo ondorengo urteetan hain erakargarri bilakatzen zena, urte batzuetan nabarmen aldatzen ari den joera da. Eta joera horretan maiz entzuten dira halakoak: «Politikari denak berdinak dira», «guztiak beraien interesen alde ari dira» edo, «ezkerrekoa zein eskumakoa izan, denek berdintsu jokatzen dute». Ez da pentsaera marjinala edo soilik batzuena, gizartean gero eta hedatuago dagoena baizik. Eta, areago, eskuin muturrak nahita indartzen du joera hori, populismoaren funtsa politikariekiko atxikimendu eza bultzatzea eta eliteen gobernu moldeak indartzea baita; botere politikoa pribatizatzea, alegia. Izaera kolektiboa eta komunitarioa gutxiestea kapitalismoaren izaera indibidualistaren ondorio zuzena da. Indibidualismoa indartzeko, herritarren jarrera antipolitikoa bultzatzen dute. Dena den, politikagintzarekiko jarrera kritikoaren sorburu nagusiak ez dira kokatzen kanpoko faktoreetan, demokrazia liberalak daraman praktika okerraren ondorioz bere baitan bizi duen funtsezko krisi larrian baizik. Alderdi politiko zein instituzioak errotik eraldatu beharrean dira, bestelako gobernantza-eredu berritzaile eta horizontala hedatuz. Gizarteak bizi dituen arazo larrien aurrean, ez dute balio alderdi korporatibista eta itxiek. Mugimendu politiko askatzaileak bultzatu behar ditugu, dinamikoak, gizartean errotuak eta gizartearen zerbitzura daudenak. Militante politikoak eta ez politikari profesionalak; zerbitzari kolektiboak eta ez funtzionario korporatibistak. Esperantza eta ilusio berriak piztuko dituen mugimendu politikoa. Bide horretan, EH Bildu mugimenduak, eraldaketa saiakera horretan III. Kongresuan murgildurik gauden unean, berriro ere Bilbora deitzen gaitu. Gurea erronka kolektiboa denez, nazio komunitatea sozialki eta nazionalki askatuan, elkarlanean eta era komunitarioan eraiki nahi dugula adieraztera deitzen gaitu. Azaroaren 23an, Bilbon milaka pertsonak «lehenik aberria eta ondoren alderdia» dela oihukatuko dugu. Sen komunitarioa zabaldu eta sendotuko duen Euskal Herri berdinzale, euskaldun eta feminista eraikitzeko behar dugun militanteak gara. Mugimendu politiko antolatua bai, baina alderdikeria gaindituko duen politikagintza sustatuz. Alderdi konbentzionalen funtzionamendua kopiatzen badugu, gureak egin du. Instituzio eta herrigintzaren arteko osagarritasuna egikaritzen duen gobernantza eredua da etorkizuna. «Nazioa gara» lema erabiltzeagatik, besterik gabe, ez gara desberdinak, baina beste izaera eta bestelako politikagintza bultzatu nahi dugula adierazten du. Seinale bat gehiago da, alderdi politiko gisa definitu beharrean mugimendu politiko eraldatzaile gisa definituz desberdintasuna markatzen dugun bezala. Herritarrak beti entzuteko prest egonik eta herriarentzat aritzeak egungo «partidokrazia» errotik gainditzera eraman behar gaitu. Multinazionalen atzaparretan «bahiturik» dagoen demokrazia, astindu eta sakonetik eraldatu beharrean gara. Ez da egun bateko zeregina, baina utopian sinesten jarraitzen badugu, pausoz pauso bidea egingo dugu. «Alderdia gara» goiburua erabili zuen EAJ-PNV alderdiak, bere militantzia urtero irailaren azkenean ospatzen duen alderdi egunera deitzeko. Lema hori erabiltzea, zinez deigarria egin zitzaidan. Deigarria bezain esanguratsua, beraien helburua horrela definitzeak adierazten baitu demokrazia alderdiaren zerbitzura dagoela eta ez alderantziz. Alderdia gara» lema erdigunean jarriz proiektu politikoa alboratzen dute, bigarren maila batean utziz. Herriaren interesak, izan etxebizitza, osasungintza, hezkuntza edo herri batek behar duen politika industriala, bigarren mailako gaiak dira. Gainera, joera alderdikoiaren bidez, militantziaren zergatia desbideratzen da, herriaren aldeko ekintzailea izan beharrean, alderdiaren laguntzaile zintzoa bihurtuz. Nazio zapaldu edo herriaren lekua alderdiak hartzen duenean eta ondorioz militantearen funtzioa alderdiari laguntzea, barne bizitza indartzea eta dinamizatzea bada, gizartearen arazo, kezka eta interesak ahanzten dira, norberaren «familia», alegia, alderdia, erdigunean jarriz. Gu ez gara politikagintzaren molde horietan kokatzen; hau ez da gure estiloa. Gure gobernantza-eredua herriarekin eta herriarentzat aritzea da. Hori lantzera, sakontzera eta indartzera deitzen gaituzte Bilbora. Egunero eraldatzea ez da erraza, baina hau da gure bidea, askatasuna lortzeko bide bakarra. Gu ez gara politikagintzaren molde hauetan kokatzen; hau ez da gure estiloa. Gure gobernantza eredua herriarekin eta herriarentzat aritzea da