Emakumeen Etxearen tokia presiorik gabe hautatzea eskatu du EH Bilduk
Egun Okendo kalean dagoen Donostiako Emakumeen Etxearen kokaleku berria erabakitzeko prozesuan bermeak eskatu ditu EH Bilduk, «presarik eta presiorik gabe egin dezaten».
Taldeak atzo gogoratu zuenez, Emakumeen Etxeak hamarkada bat darama Okendo kalean, behin-behineko lekuan. «Beste eraikin batera lekualdatu eta leku berrian egonkortzeko asmoa aspaldikoa bada ere, udal Gobernuak azken promesa gauzatu gabe segitzen du», gaitzetsi zuen EH Bilduk.
Izan ere, Amara kalean eskaini den lokalaz «zalantzak sortu dira, epeak ez direlako, antza, aurreikusitakoak».
Hori dela eta, jabetza pribatuko lokal bat eskaini zaie. «Hortaz, Emakumeen Etxeak bi aukeren artean erabaki behar du. Hala, epeen inguruan eta prozesuaren beraren inguruan bermeak exijitzen ditugu, lasaitasunez egin dezaten. Hainbeste denbora zain egon ondoren, orain haiei presa sartzea ez litzateke ez zilegi ez justua izango», adierazi zuen EH Bilduk.