NOV. 22 2024 GAZAKO INFERNUA EKIALDE ERTAINERA ZABALTZEN ARI DA Interview Dabid Lazkanoiturburu Kazetaria eta «Un mundo en pie de guerras» liburuaren egilea «Gaur egun su txikiak izugarrizko sarraskia eragin dezake» «Un mundo en pie de guerras» (Txalaparta) da Dabid Lazkanoiturbururen lehenbiziko liburua. Atzo aurkeztu zuen Donostian. GARA eta NAIZeko kazetari oñatiarrak, nazioarteko harremanetan aditua den aldetik, munduko taula geopolitikoari eta gatazka potoloenei begiratua egiten die saiakera honetan. NAIZ Irratian eman ditu xehetasunak. (Jon URBE | FOKU) Sara IRIARTE DONOSTIA Egunotako albiste nabarmenena izan da distantzia luzeko misil estatubatuarrak erabiltzeko Ukrainak jasotako baimena. Analisi askotarako eman du, III. Mundu Gerra hastear ote den galdetzeraino. Hau esatea gehiegizkoa da, zozokeria bat, edo badu errealismo puntu bat? Uste dut oso adi egon behar dugula, batez ere gero eta beligeranteagoa den mundu honetan. Beste gauza bat da, nire uste apalean behintzat, datorren urtean izan daitekeen negoziazio baterako mugimendua ote den, alde bakoitzak posizio indartsuago bat edukitzeko. Dena dela, kontu handiz ibili behar da. Suarekin dabilena erre egin daiteke. Ukrainako gatazkak noiz arte jarrai dezake? Negua dator, Horrek nolako eragina izan dezake gatazka honetan? Ukrainari buruzko atal luzean aipatzen dut liburuan: negoziazioa bai, baina non eta zeri buruz? Gerra oro amaitzen da negoziazio batekin. Gaza utzi dezagun alde batera, hori ez baita gerra; genozidio hutsa da. Baina gerrak normalean negoziazio batekin amaitzen dira. Amaitu edo, behintzat, izoztu. Uste dut datorren urtea izan daitekeela erabakigarria horretan. Kontua da, gaur egun, Errusiak daukala iniziatiba. AEBak eta mendebaldea Ukrainaren posizioa sendotu nahian dabiltza nolabait, jakinda beraien laguntzarik gabe Ukrainaren porrota asteetako edo hilabeteetako kontua izango litzatekeela. Gatazka handienak egun Gazan, Ukrainan, Taiwanen eta Sudanen ditugu. Mundu gerra bat hastekotan, sorburua Taiwan izango litzatekeela dioenik bada, Txinaren eraginez. Teoria errealista da? Hori askotan aipatzen da, batez ere gatazka nagusia hegemonia aldetik AEBen eta Txinaren artekoa delako. Hortaz, Taiwan, nahiz eta irla txiki bat izan, guztiz estrategikoa da ekonomikoki eta geografikoki. Kontua da, nik uste, Txinak baduela asmoa Taiwan bereganatzeko, uste duelako bere parte dela. Eta AEBek, hori ukatu ez arren, Taiwan erabiltzen dute Txina nolabait ahultzeko joko geopolitiko arriskutsu baina errealista batean. «Un mundo en pie de guerras». Lerroburua ez da oso baikorra. Kezkatuta zaude etorkizunari erreparatuta? Bai, noski. Bizi dugun egoera oso kezkagarria da. Beti egon dira gerrak eta beti egon dira krisi larriak. Baina uste dut gaur egungo egoeraren desberdintasuna dela ezin daitekeela aurrez jakin zer gertatuko den. Izugarrizko nahasketa dago. Inork ez daki zein dagoen non, AEBak eta Txina kenduta. Izugarrizko mugimenduak daude, eta esango nuke su txikiak eragin dezakeela izugarrizko sarraskia. Palestinarren aurkako oldarraldiak ez dauka etenik. Zein dinamika geopolitiko berri behar du gatazka honek? Palestinako herriak bizi duen egoera Lehen Mundu Gerraren ondotik dator. Eta, nahiz eta NBE Bigarren Mundu Gerraren ostean sortu zen, konpondu ez den izugarrizko injustizia da. Ondorioak batez ere palestinarrak pairatzen ari dira, baina baita mundu osoa ere. Erantzun horietan zer gertatu zaio Europari? Nolatan galdu du lidergo geopolitikoa? Ez dakit noiz izan duen lidergo geopolitikoa. Bigarren Mundu Gerratik nahiko ahulduta atera zen Europa. Dena dela, egia da azkenengo urteetan ikusi dela Europak ez duela ezertarako kontatzen, ez dela agente geopolitiko bat, ez daukala jarrera bateraturik, noraezean dabilela... Adibidez, Israel egiten ari den sarraskiaren inguruan salaketak iristen dira, baina inolako pausorik ez. Gatazka ezezagunagoa da Sudangoa. Laburrean, nola azalduko zenuke? Ekialde Hurbileko eta Ukrainako gatazkak dira guretzat garrantzi handiena dutenak, eta uste dut Afrika askotan alde batera uzten dela. Sudanekoa, horretan, aitzindaria da. Nazioartetik, batzuek ez dute ezer egiten; eta besteak, hango egoera profitatuz, Sudanek dituen izugarrizko aberastasunak eurenganatzeko liskarrak elikatzen ari dira. Hori da drama. Sudanen dago, nik uste, gaur egun dagoen krisi humanitariorik handiena. Gatazka hauen guztien erdian, Euskal Herriko rola zein da? Adibidez, hemengo armen industriak nolako lotura du gatazka horiekin? Industria militarrak zerikusia du gatazka ororekin, industria delako eta saldu egin behar duelako. Ez naiz batere aditua gai horretan, baina esango nuke galdera dela Israeli armak saltzea baino hari armak erostea ez ote den arazoa. Dena den, Euskal Herritik bakezaletasuna eta negoziazioa aldarrikatu behar ditugu. Negoziazioa da erronka, eta gatazkak konpontzeko irtenbidea. ASMOA «Auzi edo gerra bakoitzaren gakoak era apalean ematen saiatzea izan da asmoa, gako horietan pixka bat sakontzea. Irudi zabalago bat ematea, inklusiboa»