GARA Euskal Herriko egunkaria
MACRONEN AZKEN ADIERAZPENAK, HIZKUNTZA GUTXITUEN INGURUAN

Macronek tokiko hizkuntzak «nazioa zatitzeko» tresnatzat jo ditu

Akademia Frantsesean, hotsandiko ekitaldi batean, Emmanuel Macronek hautsak harrotu dituen adierazpenak egin ditu. Michel Feltin-Palas kazetariak eta hizkuntzen adituak azaldu duenez, «tokiko hizkuntzak nazioa zatitzeko tresna» direla erran du presidente frantsesak. Kargua hartu zuenetik aurrerapausoak eman baditu ere, atzerantz ere egin duela oroitu du.

Macron, artxiboko irudi batean. (Rolf VENNENBERD | EUROPAPRESS)

Ipar Euskal Herrian ezaguna da Michel Feltin-Palas kazetaria eta «hizkuntzen amorosa», behin baino gehiagotan gure artean hitzaldiak eskaini baititu Biarnon erroak dituen adituak.

“L’Express” astekariko kazetaria den Feltin-Palas azaroaren 14an Akademia Frantsesean antolaturiko ezohiko ekitaldira joan zen. Bideo baten laguntzaz orain sareratu duen kronikan azaldu duenez, bizitzan ez dira aukera anitz hiztegi frantsesaren aurkezpen batean presente izateko. Izan ere, hizkuntza frantsesaren jakintsuek izenpeturiko hiztegiaren aitzineko edizioa 1935ekoa da.

Frantses hiztegiaren 9. edizioaren zeremonian eskaini zuen diskurtsoan Eliseoko maizterrak hautsak harrotu dituen adierazpenak egin zituen. «Tokiko hizkuntzak nazioa zatitzeko tresna» direla erran zuen.

MACRONEN GOGOETA

Honakoa da Macronen gogoeta: «Hizkuntza herrialdearen batasunaren arragoa izan da (...) nazio baten eraikuntza tresna (...) bestela aienatu egin ahal zelako nazioa herri hizkuntzen, tokiko hizkeren eta eskualde hizkuntza ezberdinen artean, horietako anitz bizirik direla oraindik, baina nazioa zatitzeko tresnak direla».

Adierazpen horiek testuinguru berezi batean kokatu ditu, arestian aipaturiko artikuluan Feltin-Palasek. Finean, azaroaren 11k markatzen duen Lehen Mundu Gerraren bukaeraren urtemugaren egun gutxi batzuetara ahoskatu zituen, Bretainian eta Alsazian haserrea piztu duten hitzak.

Mediabask-en behin baino gehiagotan artikuluak argitaratu dituen kazetariak aipaturiko artikuluan oroitarazi duenez, gerra horretan borrokatzera eraman zituzten herritar anitzek «nekez hitz egin zezaketen frantsesez».

HIZKUNTZA NORTASUN ANITZAK

Hizkuntza nortasun ezberdinen arteko bateragarritasuna defendatzen du Michel Feltin-Palasek. Edonola ere, nazioa eta hizkuntza artean Macronek eginiko lotura hertsia balioztatu ezin dela adierazi du. Ikuspegi historiko batetik «joan zen mende hasierara arte Frantzia hizkuntza anitzeko estatu gisara» hartu daitekeelako, bere ustez.

Langues de Bretagne webgunean argitaraturiko kronikan irakurri daitekeenez, «tokiko hizkuntzek nazioa zatitzen dutela adierazita, Macronek Frantziako Iraultzaren garaitik jasotako erretorika zentralizatzailea berreskuratu du, tokiko hizkuntzen kaltetan hizkuntza frantsesa bateratze tresna bihurtu zuena». Artikuluan gaineratu du logika zahar horrek talka egiten duela «azken hamarkadetan ondare immaterial hori zaintzeko egin diren ahaleginekin», tokiko hizkuntzei Konstituzioan eginiko aipamena oroituz.

AURRERA ETA ATZERA PAUSOAK

Aipaturiko kronikan agertu den bezala, urrats bat aitzinera eta beste bat gibelera egin du Macronek afera honi buruz. Gutxitutako hizkuntzei lege geruza eskaini nahirik, Paul Molac diputatu bretoiaren ekimenez, Asanblea Nazional frantsesak «Eskualde hizkuntzen ondare babeserako eta promoziorako» lege historikoa onartu zuen. Alta, 2021eko apirilaren 8an historikotzat jo zen legea onartu eta gero, araua ia osoki ezeztatu zuen Kontseilu Konstituzionalak, Molac legearen kontra Michel Blanquer Hezkuntza ministroak aurkeztu helegitea ontzat emanez. Orduan, erabaki horrek eragindako harrabotsa apaldu nahian, murgiltze eredua defendatuz adierazpenak egin zituen presidente frantsesak.