NOV. 23 2024 SASKIBALOIA ACBrik gabe, Baskoniak eta Bilbao Basketek badute zertaz hausnartu Jokoa baino emaitza okerragoak pilatu ditu talde bilbotarrak, eta «FIBA Leihoek» ondorio txarrik lagako ote dioten zain dago Jaume Ponsarnau entrenatzailea. Baskoniak, berriz, ACB Liga zuzendu ezinik dabil, Euroliga okertzen ari zaion une honetan. Markus Howard ez da aurreko urteetako maila ematen ari. (@EUROLEAGUE) Arnaitz GORRITI ACB Ligako jardunaldirik ez dago asteburu honetan, eta eskerrak horri! Liga hasi zenetik Saski Baskonia eta Surne Bilbao Basket unerik petralenean daudelarik, atsedena eta entrenamendua ongi etorriko zaie. Tarte honetan badute zertaz hausnartu. Bilbao Basketek ia jokalaririk ere ez dauka datorren asteari begira: Marvin Jones eta Abdur-Rahkmanekin bakarrik -Xavi Rabaseda gizajoa min hartuta dago, eskafoideak hautsi eta gero- zer-nolako lana egin behar du Jaume Ponsarnauk? Hilaren 25ean, astelehenean, itzuliko zaizkio aurreneko jokalariak eta 28rako, osteguna, artalde guztia eskortan pilatuta nahiko luke Tarregako entrenatzaileak. Sano, ahal bada. Ez da debaldekoa jokalariak «FIBA Leiho» hauetatik osasuntsu etorri daitezen eskatzea, Bilbao Basketek covid-19aren sasoian oso esperientzia txarrak izan zituelako selekzioen partidak egokitu zitzaizkionetan: min hartutakoak, kutsatutakoak, taldeak ezin osorik entrenatu... ACB Ligako sailkapen nagusiari so eginez gero, Bilbao Basketek merezi baino garaipen gutxiago metatu ditu. Saski Baskoniak bezalaxe, 3-5eko balantzea dauka, baina gutxienez bi garaipen gehiago izateko adina meritu izan du; Murtzian eta Gironan eskuetan zituen partidak luzapenean galdu izan ez balitu! «Kazetariek azken laurden horietan egindako akatsak azpimarratzen dituzue eta halako mezu ezkorrak zaleei ere iristen zaizkie. Duela gutxi zale batek etxetik kanpora azken laurdenetan behera egiten dugula leporatu zidan, eta hori zuei, kazetarioi dagokizue; hau da, ongi egiten ditugunak ez dituzue aintzat hartzen», kargu hartu zigun entrenatzaile katalanak... Abendua hasterako Zaragozara bisita egingo dute bilbotarrek, eta hilaren 8an Saski Baskoniaren aurkako euskal derbia egokituko zaio Miribillan. Kanpoan irabazten ez dena, etxean irabazi behar. Aurten bilbotarrek talde sendoagoa eratu dute eta, horri esker, partida ia guztietan irabazteko aukerak izan dituzte. Baina itxura on hori emaitzetara eraman ezik, kazetariok berriro gaizki egindakoari begiratu beharko diogu. PAZIENTZIA ERRE AURRETIK Baskoniaren aldartea ez da hobea. Georgiarekin jokatu ostean, Kamar Baldwinek komunitario izaera irabazi du. Gasteiztarrei dagokienez, horixe da azken bi asteetako albisterik onena; atera kontuak! Bilbao Basketekin berdinduta daude gasteiztarrak; baita Andorra eta Lleidarekin ere, hamabigarren postuan. Euroligan, berriz, azken bost jardunaldiak galdu eta gero, hamahirugarren lekuraino erori dira Lasorenak. Azken bederatzi neurketetatik bakarra irabazi du Baskoniak, eta egutegiari so jarrita, kontuz: Valentzia Basket etxean eta Bilbao Basket kanpoan ACB Ligan; eta Euroligan, aldiz, Zalgirisen etxean azaroari agur esateko, eta jardunaldi bikoitza abendua hasteko: Fenerbahçe etxean eta Bayern kanpoan. «Onena espero, baina okerrenerako prest egon», omen da Dalai Lamaren ohiko leloa. Jakina da Josean Kerejetaren pazientzia oso mugatua dela, baina Pablo Lasorekikoak oraindik egin ez baditu, konfiantza duelako da. Baina pazientzia erretzen bazaio... EMAKUMEEN LIGAEmakumeen Endesa Ligan jokatuko dute gaur lau euskal taldeek. Celta azkenaren kantxan jokatuko du Araskik 17.00etan. Gernikak, berriz, Nerea Hermosa gasteiztarraren Zaragoza jasoko du Malosten 18.00etan. Ardoik lan zailak ditu Kanaria Handiaren etxean 20.00etan. Eta Delicia Washington gabe, IDK Euskotren saiatuko da Cadi La Seuri irabazten Donostian 20.45ean.