NOV. 24 2024 ESKOLA KIROLA: TALDE MISTOAK BAI ALA EZ? Eskola kiroleko arlorik gatazkatsuenaz Kike Mokoroarekin mintzatu da NAIZ Irratia. Talde mistoak, bai ala ez? Oztopo asko ditu jolasteko modu horrek, besteak beste, fisiologia. Baina, oztopoez gain, onurak ere baditu. Eta oztopo horiek gainditzeko, ohiko joko arauak aldatzea ezinbestekoa da. Neska-mutiko batzuk, Mungian ospaturiko Euskal Eskola Publikoaren Jaian. (Aritz LOIOLA | FOKU) Zuriñe IGLESIAS - Ion GARATE Eskola kiroleko gai gatazkatsuenetako bat jorratu du aste honetan NAIZ Irratiko ‘KirolHaria’ saioak Kike Mokoroa Ordiziako Udaleko kirol teknikariarekin. Eskola kirolean, talde mistoak bai ala ez? Aldagai asko kontuan hartu behar dira afera honetan. Ezinbestekoa da irabaztea? Heziketak behetik etorri behar du, baina goitik ere ispilurik izan beharko du, ezta? Ohiko joko arauekin jolastu behar dugu? Hasteko, garrantzitsua da kirol mistoa zer den definitzea. «Gizonezkoak eta emakumezkoak berdintasunez parte hartzen duten edozein kirol jarduera», azaldu du Mokoroak. Bere ustez, onura ugari ekartzen ditu talde mistoak: «Genero berdintasuna -erakusten du gizonak eta emakumeak berdintasunez lehiaketetan ibil daitezkeela- eta elkarrekiko errespetua sustatzen ditu, esperientziak kirolaria aberasten du -segun zein pertsonekin jolasten ari zaren, zure burua gehiago estutu behar duzu gehiago emateko eta atzean ez geratzeko-, parte hartzea handitzen du, trebetasun integralak eta estereotipoekin hautsi egiten da». Noski, bizitzako alderdi askotan bezalaxe, arazo batzuk ikusten ditu, hala nola diferentzia fisiologikoak -gizon eta emakumeen arteko indarra, abiadura, erresistentzia, eta abar-, genero aurreiritziak eta estereotipoak, trebetasun maila ezberdina, kultura eta gizarte oztopoak -«euskal gizarteak menperatuta duela uste dut, baina beste kultura eta gizarte batzuetan integraziorako erresistentzia handiagoa egon daiteke kirol jarduera hauetan»-, segurtasuna eta lesio arriskuak, eta komunikazio eta lankidetza -«ez dugu berdin hitz egiten mutilek eta neskek»-. Horregatik, arau eta formatuen egokitzapena eta txapelketak antolatzean aldaketak behar direla nabarmendu du. Aldaketak egiteko, Mokoroaren ustez, «oso garrantzitsua da ikastetxeko irakaslea eta eskola kirolekoa batuta egotea, helburu bera izatea. Hau praktikan jartzeko, atzetik lan potentea eta lanketa sakona egin behar da, ikastetxeek eta federazioek egin beharko luketena». Bestalde, «jokoen arauak berrikusi eta egokitu egin behar lirateke, genero ezberdintasun fisikoa kontuan hartuz lehiaketa bidezkoa eta berdintasunezkoa izateko». Adibide bat jartzearren, «partida normal batean, gola ez da gol normal bat izango; denek hiru aldiz ukitu behar dute baloia, paseak izan behar dira... arau mugatu batzuk jarrita», azaldu du. KEINUAK ETA ISPILUAK «Talde mistoen konpetizioa egongo balitz hainbat kiroletan, horrek joko handia emango luke eta gizarterako eredu bat izango litzateke», adierazi du gakoetako bat bezala. «Euskal Herri edo Gipuzkoa mailan, keinu bat egiten baduzu eta horri abiapuntu bat ematen badiozu eta estereotipoak apurtzen badituzu, aurrera joan daitekeen zerbait da, seguru. Baina keinuak alde guztietatik egin behar dira, goitik eta behetik». Hori bai, eskola kirolean konpetizioa tartean sartzen denean, «horrek ematen dio beste puntu diferente bat», baina «talde mistoak funtzionatzeko denak oso argi eduki behar dugu zein pertsonek osatzen duten talde mistoa eta bakoitzak zer gauza positibo dituen eta zer negatibo». Mokoroak bide onerako «seinale bat» ikusten du: «Talde batean ikusten ari dira emakumeen joera nola aldatu den entrenamendu edo partida baten aurretik. Lehen baloi batzuk zeuden eta mutilak korrika joaten ziren baloia hartzera; eta nesken joera zen beraien artean hitz egiten egotea. Orain, poliki-poliki joera hori aldatzen ari da, eta seinale bat da! Neskak joaten dira eta baloiak hartzen dituzte. Hori da normaltasun batean sartzen ari garelako. Eta hori, niretzat, oso positiboa da».