Gerrarik ez!
Atal honetan idazteko ezartzen didaten baldintza bakarra «surf» eta «itsasoa» hitzak erabiltzea da. Beraz, horra, surfa eta itsasoa. Eta orain azken egunetan buru handi honetan bueltaka dabilkidan gai batekin aspertuko zaituztet. Bide batez, urteroko etena egitera noala abisatzen dizuet; beraz, gaurkoa aurtengo azken artikulua denez, agian pazientzia handiagoarekin irakurriko dituzue nire purrustadak.
Hamalau urte nituenean ia ostiralero greba egiten genuen, beti bai baitzen kalera ateratzeko arrazoiren bat. Euskal Herrian intsumisoen mugimendua indar handia hartzen ari zen garaian, Irakek Kuwait okupatu zuen eta estatubatuarrak «ordena ezartzera» joan ziren. Sasoi hartan gerraren kontrako mobilizazioak oso indartsuak izan ziren. Paradoxikoki soldadutzari ezezkoa ematen genionak eta bakea eskatzen genuenak «biolentoak» ginen, eta aldiz, haien isiltasunarekin edozein astakeria justifikatzen zutenek eta soldadutza egiten zutenek, alegia guri «biolento» etiketa ezarri zigutenek, bakezale gisa aurkezten zuten beren burua. Hori ez da aldatu, gaiztoak kalera atera eta bake santua hausten dutenak dira eta zintzoak beren isiltasunarekin boteretsuenen indarkeria babesten dutenak. Gauza bat aldatu da, ordea; gaur egun Europan ez dago gerraren kontrako mobilizazio bateraturik. Nire ustez, inoiz baino beharrezkoagoa denean.
Duela 30 urte inor gutxi ausartuko litzateke «gerrarik ez» leloa gaitzesten. Artistek ez zuten arazorik gerraren kontra zeudela esateko, ezta kirolariek ere. Egun, ordea, lelo hori ez da existitu ere egiten; besteak beste, ezkerrak bere aldarrikapen historikoa ahaztu duelako.
Palestinan Israel burutzen ari den genozidioaz harago, munduko bazter guztietan entzun daitezke gerra soinuak, eta hirugarren gerra mundiala ate joka dugula dirudi, agintarien zentzugabekeriak ez baitu mugarik. Gauzak horrela, «gerrarik ez» leloak inoiz baino indar handiagoa izan beharko luke, baina zentzuzko aldarrikapenek ez dute arrakastarik.
Biolentoak ginenean biolentoak ginelako, eta orain bakezaleak omen zirenak gerren alde daudelako, «gerrarik ez» leloak ez du inon lekurik. Guztiok elkarrekin gaude, «biolentoak eta bakezaleak» batuta, denak elkarte eta erakunde berberetan, eta hori posible egiten duen edabe magikoa isiltasuna da. Ez dezagun ustezko bakezaleen egiazko izaera bortitza agerian utzi. Ez dezagun inor «bortxatu» gerraren alde edo kontra posizionatzera, eta, bitartean, hitz egin dezagun eskuin muturrak ezarritako agendak agintzen dituen tontakeriez. Sasoi batean «biolentoak» eta «bakezaleak» batzeko gai zen «gerrarik ez» leloak gaur sakabanaketa sor dezakeela dirudi, ustezko gorentasun moralaz baliatu diren eta egun oraindik baliatzen jarraitzen duten hipokritek eztabaida zintzo bat ezin egiteak ematen dien abantailaz gozatzen jarraitu nahi dutelako. Ba sentitzen dut bidelagun berriak gogaitzen baditut, dagokidan lekutik gerraren kontra altxatu beharko genukeela aldarrikatzen jarraituko baitut. Gerrarik ez!