AINHOA AROSTEGI

«Lantokiak ere emakumeentzako gune seguru izan behar du»

LAB sindikatuak proposamen sorta bat plazaratu zuen maiatzean emakumeek lanean pairatzen dituzten egiturazko indarkeria modu ezberdinak nabarmendu eta errealitate gordin horri aurre egiteko. Orain, Azaroaren 25ari begira, eskakizun horiek berretsiko ditu.

Maddi Isasi, LAB sindikatuko Idazkaritza Feministako burua.
Maddi Isasi, LAB sindikatuko Idazkaritza Feministako burua. (Aritz LOIOLA | FOKU)

LABeko Idazkaritza Feministako buru Maddi Isasik adierazi duenez, indarkeria matxista eta sexu-jazarpena ez dira etxeetara mugatzen. «Askok kontrakoa uste badute ere, lan-ingurunea ez da unibertso paralelo bat, sistema kapitalista heteropatriarkalaren zapalkuntzaren beste isla bat baizik». Sindikatuak, emakumeek lanean pairatzen dituzten egiturazko indarkeria modu ezberdinak nabarmendu, eta errealitate gordin horri aurre egiteko proposamen sorta plazaratu zuen maiatzean. Orain, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, eskakizun horiek berretsiko ditu erakunde sindikalak.

2022ko datuen arabera, EAEko bost emakumetik batek sexu-jazarpena jasan du lantokian, 22.000 emakumek gutxi gorabehera. Hala ere, %72k ez omen dute salaketarik jartzen, errepresalien beldur direlako. «Enpresek emakumeentzako gune libre eta seguruak ezar ditzatela nahi dugu, baina neurri eraginkorren ezak indarkeria betikotzen du».

LABek berdintasun-planetatik harago jotzeko beharra azpimarratu du. «Emakume langileen benetako beharrei helduko dieten plan feministak» abia daitezen ere proposatu du sindikatuak. Era berean, erakundeek eta Lan Ikuskaritzak egoera latz horien prebentzioan eta zehazpenean izan behar duten ardura gogoratu du.

Maiz ikusezinak diren mota askotako indarkeria matxistak gertatzen dira lan-eremuetan: gizonezkoen iruzkin onartezinak, axolagabekeria, ergelkeria, soldata-arrakala, erabakiak hartzeko guneetatik bazterturik izatea, erantzukizunen aitortza eza...

«Lana ez da eguneroko bizitzatik aparte dagoen zerbait. Emakumeok beste eremuetan pairatu ohi ditugun zailtasun berak agertzen dira beharrean ere. Gainera, prekaritatea zapalkuntza patriarkalari gehitzen zaionean, haztegi ezin hobea sortzen da indarkeria mota horientzat». Lanean ematen diren eraso eta ezberdintasunak oso gutxitan identifikatzen den egiturazko indarkeria matxistaren parte direla salatu du LABek.

Egoera ustel horiei aurre egiteko, sindikatuak protokolo egokitu eta eraginkorrak izan ditzaten eskatzen die enpresei. Maddi Isasik azpimarratu duenez, «protokolo bat ezin da tiradera batean geratu; benetako diagnostikoa, neurri espezifikoak eta lantoki bakoitzaren testuingurura egokitu, eta abian jarri behar dira, ai-tzakiarik gabe». Protokoloak ez dira nahikoak, indarkeria matxistaren benetako kausei helduko dieten prebentzio-planekin batera ez badoaz.

ESKAERA ARGI ETA GARBIAK

Azaroaren 25ari begira, Euskal Herriko Lan Ikuskaritza ezberdinei eskatzen zaiena argi eta garbi dago. Alde batetik, indarkeria matxistari aurre egin diezaioten protokolo eta neurri eraginkor eta lekutuak egon daitezela enpresa guztietan; bestetik, instituzioei, batez ere Lan Ikuskaritzari, politika publiko eraginkorrak martxan jar ditzatela.

Sindikatuen lanari esker, hainbat enpresak euren borondatez neurriak eta protokoloak ezarri dituzte, baina helburu garrantzitsu hori ezin da nagusien gogo onaren menpean egon, LABek zehaztu duenez. «Erakundeek lehen mailako erantzukizun politiko eta soziala daukate gai honen inguruan. Lan Ikuskaritzak baliabide espezifikoak, langile prestatuak eta jarduteko tresna eraginkorrak eduki behar ditu, bere ardura ahalik eta hobekien betetzeko».

Aurtengo maiatzean, sindikatuak proposamen zehatza aurkeztu zien Osalani eta Noploi-ri, neurri zehatzak abia zitzaten, eta EAEko eta Nafarroako lan-kontseiluen inplikazio aktiboa eskatu du. Hala ere, harrera ona sumatu arren, oraindik ez dute erantzunik jaso. Hori dela eta, mobilizazioek eta presioek aurrera jarraituko dute.

Emakume askok salatzeko dituzten beldur eta oztopoen aurrean, LABek sindikalismoa sustatzen du autodefentsarako eta elkartasunerako gune gisa. «Gure leloa, ‘ez zaude bakarrik’, ez da esaldi huts bat, indarkeria matxistari elkarrekin aurre egin behar diogula berresten duen garrasi bat baizik».

Praktikak argi erakutsi du protokoloak izateak, salaketa aktiboak, indarkeria-kasuak murrizten dituela eta, gainera, kontzientziazio handiagoa sortzen duela enpresetan. Beraz, berdintasun plan bati buruz hitz egin beharrean, LABeko Idazkaritza Feminista plan feminista batez ari da.

Gainera, Isasiren iritziz, oso garrantzitsua da gizonezkoak borroka honetan aliatu gisa izan dezaketen rolaz kontura daitezela. «Kontua ez da salbatzailearen papera betetzea, emakumeei bidea erraztea eta konponbiderako giro aproposa sortzea baino».



Azaroaren 25ari begira: salatu eta ikusarazi

Indarkeria Matxisten Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, LABek mobilizazioak deitu ditu EAEko eta Nafarroako lan-ikuskaritzen aurrean, erakundeen parte-hartze irmoa eskatzeko. Gasteizko elkarretaratzea 10.30ean izango da Alava Jeneralaren kalean eta Iruñekoa, 11.00etan, Sarasate pasealekuan dagoen bulegoaren aurrean.

Hauexek dira LABek egin nahi dituen eskariak: enpresa guztietan protokolo eraginkorrak izatea, politika publiko feministak garatzea eta erregistro espezifikoak sortzea, lanean indarkeria matxistako kasuak dokumentatzeko. «Jarrera, sinesmen eta indarkeria matxista guztiei aurre egin nahi diegula esaten dugu lantokietan aske izan nahi dugula aldarrikatzen dugunean, eta borroka honetan jarraituko dugula sindikalismotik fronte guztietan».

«Pedagogia funtsezkoa da. Bide luzea dago oraindik indarkeria horiek identifikatu, eta aurka jarduteko», ebatzi du Isasik. A.A.