NOV. 28 2024 EHU-KO ERREKTORERAKO HAUTESKUNDEAK «Emaitzek aldaketarako gogoa adierazten dute; horri eusten diogu» Joxerramon Bengoetxea izango da Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea hurrengo sei urteetan. Botoen %63,63 jaso zuen eta Eva Ferreirari gailendu zitzaion. Unibertsitate publikorako «parte hartzea» oinarri duen lan egiteko «estilo berri bat» iragarri zuen atzo, hauteskundeak irabazi eta biharamunean, NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketa batean. Joxerramon Bengoetxea, EHUko errektore berria, erdian. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA DONOSTIA Datorren abenduaren 3an Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore izendatuko dute. Zuzenbidean doktorea da Edinburgoko Unibertsitatean, Zuzenbidearen Filosofian katedraduna EHUn eta Honoris Causa doktorea Helsinkiko Unibertsitatean. 30 urte baino gehiagoko ibilbidean, Europako Zuzenbidean aditu nagusietako bat izan da. Horrek irakasle gonbidatu gisa eraman du Stanford, Oxford, Helsinki eta Kansasko unibertsitate ezagunetara. ‘‘Denon artean’≠’ hautagaitzarekin eta botoen %63,63rekin garaitu zuen, asteartean, Eva Ferreira gaur egun errektore dena. Unibertsitateko sektore (irakasleak, ikasleak eta langileak) eta lurralde guztietan garaile izan zen eta horrek «aldaketarako gogo handia» adierazten duela nabarmendu zuen Bengoetxeak atzo Naiz Irratiari eskainitako elkarrizketan. «Hori izan da guretzat funtsezkoa, eta horri eutsiko diogu», esan zuen. Hitzetatik ekintzetarako igarotzeko garaia da orain. Errektore gisa hartuko duen lehen neurria «Jaurlaritzarekin zein Legebiltzarrarekin bilerak eskatzea» izango dela azaldu zuen. 2025. urteko EAEko aurrekontuen negoziazioan murgilduta dauden honetan, «EHU unibertsitate publikoa dela» ondo ulertu behar dutela ohartarazi zuen Bengoetxeak eta, beraz, «behar eta betebehar» batzuk dituela. «Erraztu egin behar du ikasleen sarrera unibertsitatera, ezin du prekaritate egoerarik onartu... Eta, horretarako, unibertsitateak finantzaketa behar du, errektore berriaren ustez. ESTILO BERRI BAT Parte hartzea izan da Bengoetxearen hautagaitzak kanpainan aipatu duen elementu nabarmenetako bat. Parte hartzea unibertsitateko sektore guztietan hazi zen, eta hautetsontzietara deitutako 50.590 pertsonetatik 11.081ek eman zuten botoa, horietatik 2.870ek Ferreirari eta 7.599k Bengoetxeari, 530 boto zuri eta 82 baliogabe. Ehunekotan, unibertsitate komunitatearen %21,9k botoa eman du, aurreko deialdian baino hamalau puntu gehiago. Bengoetxearentzat, parte hartzea handitzeko arrazoietako bat, «zalantzarik gabe», bi hautagaitzen artean lehia egon dela izan da, eta emaitzak ezagutu zirenean horretarako aukera eman izana eskertu zion Eva Ferreirari. «Lehia egon izanak piztu du interes handia, kontrastatzeko aukera izan dugu gure proposamen ezberdinen artean eta horrek ekarri du parte hartzeko gogoa eta nahia», azaldu zuen atzoko elkarrizketan. Lan egiteko «estilo berri» baten aldeko iragarpena egin zuen: «Kooperatiboa, entzuten eta erantzuten dakiena». Unibertsitateko komunitateari «proposamenak eta ekimenak egiteko» aukera eman behar zaiola argi du EHUko errektore berriak. «Horretarako, oso gertu egon behar dugu eurengandik. Hasieratik inplikatu behar ditugu erabakitze prozesuetan», adierazi zuen. EUSKARA EMAN ETA ZABALTZEKO «Argi geratu da euskara ez dela arma politiko bezala erabili behar». Bere hautagaitzaren kontra zabaldu izan diren «gezurrez» ari zen Bengoetxea. Euskarak «babesa» behar duela nabarmendu zuen, «baita unibertsitatean ere». «Euskaraz izan behar du eskaintza guztiak, euskarazko irakaskuntzarako materialak behar ditugu, komunitate zientifikoa landu behar dugu euskaratik...». Errektore berriak ez du ulertzen nola egon daitekeen inor helburu horren kontra. «Pedagogia erabiliz eta pazientzia askorekin» eszeptikoak direnak ere erakartzen saiatuko direla esan du. Hala ere, ulertu nahi ez duenarekin sobera egitekorik ez omen dago. FINANTZAKETAErrektore karguan egingo duen lehenengoa Lakuako Gobernuarekin bilera eskatzea izango da, EHUk «finantzaketa behar duela» adierazteko.