NOV. 28 2024 EDITORIALA Zigorgabetasunak indarkeria betikotzen du Martxoaren 5ean, Realaren eta PSGren arteko partidaren atarian, Ertzaintzaren karga batek ZIUra bidali zuen buruan pilotakada bat jaso zuen emakume bat. Gainera, lurrean zegoela, ertzain batek ostiko bat eman zion. Haren senarrak GARAk gaur argitaratu duen elkarrizketan azaldu duenez, buruan izandako zaurien ondorioz sekuela kronikoak geratu zaizkio. Ertzaintzaren enegarren karga bortitza, zauritu larriekin. Kasu horietan ohikoa denez, epaitegiak artxibatu egin zuen auzia, ikertu gabe. Poliziak tartean daudenean, instantzia guztiak saiatzen dira ihes egiten, eta horrek pentsarazten du ez ikertzeko presioak handiak eta tematiak izango direla. Isilpean, edozein gauza gertatuko da Poliziaren praxi txarra zigorrik gabe gera dadin. Nolanahi ere, oraingoan, bederatzi hilabete geroago, Gipuzkoako Auzitegiak kasua berriro irekitzea eta gertakaria ikertzea agindu du. Erabaki ausarta izan da, Ertzaintzaren neurriz kanpoko indarkeria ekintza baten aurrean. Laudagarria litzateke hemendik aurrera hori izatea Ertzaintzaren barruko eta epaitegietako ohiko praktika. Ertzaintzaren indarkeriarekin zerikusia duen guztia ikertzeari uko egiten zaion testuinguruan, esanguratsua izan da inplikatuak dauden erakundeetako arduradun politikoen jarrera. Emakumearen bikotekideak GARAn kontatzen duenez, orduko Herrizaingo sailburu Josu Erkorekak ez zuen haiekin hitz egin ere egin. Donostiako alkateak ere ez. Bingen Zupiria sailburu berria bai zuzendu zen familiarengana, baita Jokin Aperribay Realeko presidentea ere. Pribatuan biktimekin hitz egin zuten, baina horietako inork ez du Ertzaintzak jendaurrean egindako ekintza kritikatu. Isiltasun horrek biktimentzat oso mingarria den babes akritikoa dakar. Ezbairik gabe, kritika faltak eta zigorgabetasunak Ertzaintzaren praktika bortitzak eta joera autoritarioa eta errepresiboa betikotzen laguntzen dute. Herritarren zerbitzura egongo den polizia demokratiko baterantz aurrera egiteak herri honetako arduradun politiko eta instituzionalen jarrera errotik aldatzea eskatzen du.