NOV. 30 2024 ERROBIREN KONTZERTUA BAIONAKO LAUGAN «Artefaktua» Errobiren eskutik itsasorantz doa Urteurrenak ospatzeko daude. Bart horixe egin zuten GARA, Mediabask eta Errobik Baionako Laugan. «Artefaktua»-ren urtea izan da 25.a GARAko erredakzioan, eta Errobi musika taldearen eskutik ospatu genuen. Orain badoa, izen bereko ibaitik behera, Kantauri itsasora. Sarritan itsasoa izaten baita oroitzapenen gordailu onena. Sasoi onean dagoela erakutsi zuen Errobik jendetza batu zuen kontzertuan. Behean, GARAko eta Mediabask-eko ordezkariak, politikariak eta musikariak. (Patxi BELTZAIZ) Iker GURRUTXAGA Iluntzeko zazpietan ateak zabaldu zituzten Baionako Laugan, gaualdi berezi bat ospatzeko. GARAk 25 urte bete ditu aurten, Mediabaskek 10 eta Errobi musika taldeak 50. Hala, erantzun ederra izan zuen kontzertuak. Hasierako sarrera guztiak bukatu eta edukiera handitu ondoren, ia 3.000 pertsona elkartu ziren urteurren emanaldian. Patxaranga elektrotxarangak goxo hartu zituen bertaratuak eta harrera egin zien, beren musika lagun, kontzertuaren aurreko orduak arindu asmoz. Tabernak ere martxa onean, boluntarioz beteta, jan-edanik falta ez zedin. Baionan Gabonetako argien pizte ekitaldiaren ostean iritsi zen hiriko auzapez Jean-Rene Etchegaray ere, eta Laugako gela batean elkartu ziren NAIZeko zuzendari Ane Urkiri, Mediabaskeko zuzendari Goizeder Taberna, etorkizuneko zuzendari Tidjan Peron eta Errobi taldeko Mixel Ducau eta Anje Duhalde. 50 URTEZ, SASOI ONEAN Bi ordu pasatxoko emanaldia eskaini zuen Errobi taldeak, bere ibilbideari errepaso mardula emanez. Garaiz lehen iritsi ziren musika mundura, baina garai berriek merezitako aitortza egin diote Errobiri. Hasierako sarrera guztiak bukatu eta edukiera handitu ondoren, ia 3.000 pertsona elkartu ziren urteurren emanaldian.