NOV. 30 2024 Delirium Tremens taldeak disko berria aurkeztuz agur esango du Delirium Tremens taldeak bigarren zikloari amaiera emango dio 2025ean, atzo taldekideek iragarri zutenez. Nolanahi dela, eszenatokiaren gainean bukatuko dute ibilbidea, agurreko bira batez. Zortzi kantaz osatuta dakarten «...Ta Nora?» disko berria aurkezten jardungo dute. Delirium Tremens taldeak agur esango du hurrengo urtean. (Monika DEL VALLE | FOKU) MARCEL PENA BILBO Eszenara 2021ean itzuli ondoren, Delirium Tremens taldeak agurra iragarri zuen atzo. Hori bai, 2025ean izango da eta, horrekin batera, euren agurreko bira eta “...Ta Nora?” diskoaren berri ere eman zuten, Aiora Renteriarekin egin duten “Kafe usain hura” kantaren bideoklipa estreinatzeaz batera. Bilboko Bira Kulturgunean egindako prentsaurreko batean, Andoni Basterretxea, Juan Yurrita, Haritz Harreguy eta Mikel Kazalis Delirium Tremenseko kideek ezagutarazi zituzten etapa berri honi amaiera emateko arrazoiak. «Disko berriaren sorkuntza prozesuan hasi ginen buruari bueltak ematen, eta bitarte horretan erabaki genuen taldea alde batera uztea. Iruditzen zaigu ziklo bat bete dugula, eta disko hau izango da azken aukera ondo pasatzeko», azaldu zuen Basterretxeak. Atzera begira, taldekideek ohartarazi zuten lehenengo etapa sei urtekoa izan zela, beraz, oraingoa (lau urte, bukatuko dutenean) baino bi urte gehiago bakarrik. Bigarren ibilbide honetan taldeak hainbat aldaketa sufritu ditu. “Hordago” diskoa grabatzen ari zirenean Hartiz Harreguyren estudioan, Basterretxeak, Yurritak eta Patxi Irisarrik osatutako hirukotea ondo moldatu zen soinu teknikariarekin eta taldera batzeko proposatu zioten, bigarren gitarra jotzen. Bestalde, taldea martxan zegoela Irisarri baxujoleak taldea uztea erabaki zuen, kontziliazio arrazoiengatik. Bere lekuan Mikel Kazalis sartu zen 2022ko abenduan. Album berri honek “...Ta Nora?” izena dauka eta zortzi kantak osatzen dute: sei berri eta 1987an argitaratutako “Hemen denak berdinak dira” lehenengo diskoko bi kanturen bertsioak. Kanta berrien artean dago “Kafe usain hura”, Aiora Renteriaren kolaborazioa duena. Hain zuzen, kanta honentzat bideoklipa prestatu dute, adimen artifizialaren bidez egina. Gainera, “Inork” kantak Joseba Sarrionandiaren olerki baten letra dauka. Kanta zaharrei dagokienez, Basterretxeak azaldu zuen zergatik aukeratu dituzten berriz grabatzeko: «Alde batetik, “Hemen denak berdinak dira” diskoaren soinuarekin ez ginen batere gustura geratu. Eta, bestetik, zuzenean jotzea gustatzen zitzaigulako. Horregatik erabaki genuen kapritxo bat ematea gure buruari, eta berriz grabatzea». Horrekin batera, 2025eko biraren lehenengo datak ezagutarazi zituzten: urtarrilaren 4an, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean; 5ean, Bilboko Kafe Antzokian; 11n, Oñatiko Gaztelekuan; 18an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan; otsailaren 22an, Donostiako Dabadaban; eta martxoaren 29, Atarrabiako Totem aretoan. Iragarri zutenez, urtean zehar kontzertu gehiago ere izango dira, eta azaroaren bueltan azken aldiz joko du Delirium Tremens taldeak. «Non eta noiz, jakingo duzue», adierazi zuen Basterretxeak, misterioz. Azken hiru urte hauetan Euskal Herri osoan barrena kontzertuak egiten ibili diren arren, Basterretxeak ziurtatu zuen taldeak jarraitzen duela «jotzeko gogoa» izaten. Alde horretatik, Yurritak azaldu zuen taldearen ideia dela «ziklo hau gozatzen amaitzea». ZORTZI KANTAAlbum berri honek «...Ta Nora?» izena du eta zortzi kantak osatzen dute: sei berri eta 1987an argitaratutako «Hemen denak berdinak dira» lehenengo diskoko bi kanturen bertsioak.