AMAIA EREÑAGA
BILBO

«Pizpirri», motxiladun haur batek aitarekin sortutako soinu banda

Hastapenean, “Pizpirri” (Ataramiñe) alaba batek aitari egin nahi zion oparia zen. Aita kartzelan izan zuen urte luzeetan, eta elkarren artean trukatutako bertso eta kanten audioez Amaiur Iragik hamar kanta osatu zituen. Zenbait musikarik eta bertsolarik musikatu zizkioten kartzelako harresien bi aldeak konektatu zituzten doinu haiek. Eta orain asmo hura zerbait handiagoa bihurtu zaio motxiladun haurra izan zen neskari.

Amaiur Iragi eta Mitxel Sarasketa.
Amaiur Iragi eta Mitxel Sarasketa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Pizpirri zen aitak, isolamenduan zegoenean, aurkitu zuen landaretxo bat. Estolda batetik hartutako landare txiki bat zen. Botila bat erditik moztu eta lurrez bete ondoren, hor hazten hasi zen Pizpirri landarea. Eta guk galdetzen genion aitari: ‘Zelan dago Pizpirri?’. ‘Ondo’, berak. Halako batean, vis a vis batean, atera genuen landarea, etxera eraman eta handik gutxira Pizpirri hil zitzaigun etxean». Amaiur Iragi da mintzo dena, Harriet Iragi euskal presoaren alaba; zirt edo zart egiten duen emakume bat, antzematen denez. “Pizpirri. Pozgarri eta pizgarri” cd-a Amaiurren indarrak aurrera ateratako proiektua da, aita-alaben arteko eremu erabat pertsonala gainditu duena. Musikak dohain hori duelako, kartzelaren harresiaren gainetik aita preso baten eta bere alabaren arteko istorioa sustraitzea.

«Etxerako geldituko zen istorio hau. Gero erabaki zen zabaltzea», adierazi zuen atzo Bilboko Biran egindako aurkezpenean. «Kasu honetan, gure istorioa da, baina guraso bat preso duen edozein seme-alabaren istorioa izan zitekeen. Herri honek horrelako milaka istorio ditu, eta polita iruditu zitzaigun errelatoaren alde hori erakustea», aipatu zuen.

“Pizpirri. Pozgarri eta pizgarri” hamar kantez osatutako cd bat da, bitxia oso. Barnean sentipen asko dago. Amaiurrek: «Ni jaio nintzenetik aita espetxean egon da, eta gure bizitza osoan zehar ibili gara gure artean bertsotan eta kantuan, hori izan baita gure harremanen zati handi bat. Diskoa da nolabait harreman horren isla. Nik 7 urte inguru nituenean hasi ginen kantu hauek sortzen: berak sortzen zituen, vis a vis-etan kantatzen genituen eta nik ere etxerako bueltan kantatzen nituen. Etxera egiten zituen deiak, 5 minutukoak, grabatzen genituen eta nik audio haiek gordetzen nituen, Gabonetan eta urtebetetzeetan aitaren oparia izaten baitzen beti bertso bat. Duela 15 urte hasi eta espetxealdi osoan sortutako kantak dira».

Kantak eta bertsoak trukatuz lortu baitzuten zirrara-lokarria bizirik mantentzea aita-alaba hauek. Aitak kanta horiek onak zirela eta grabatu behar zituztela esaten zion neskatoari, baina dena hor, lozorroan gelditu zen, duela pare bat urtera arte. Alegia, Amaiurrek audio horiek aurkitu zituen arte. «Zelako aukera polita, zelako oroitzapenak», pentsatu zuen.

Orduan sortzen hasi zitzaion aitari disko bat oparitzeko gogoa.

Urtebete behar izan zuen parte hartu duten musikari eta bertsolariekin harremanetan jartzeko, eta beste bat grabazioak gauzatzeko. Iazko Gabonetan aitari bere bizitzako ezustea eman zion. «Esker hitzik besterik ez dut parte hartu dutenentzat, sekulako lana egin dute ezer bueltan jaso gabe, bai artistek, bai diseinua egin duenak, bai masterizazioak...», eskertu nahi izan ditu Amaiurrek aurkezpenean.

Parte hartu zuten musikarien artean, izen batzuk ematearren, luzea baita zerrenda, Porrotx -Amaiurrek berarekin kantatzen du “Nor da Pizpirri?”-, Iheskide, Uda, Xabi Solano, Roberto Moso (Zarama), Niko Vazquez (M.C.D. eta Motorsex), Des-kontrol, Eñaut Elorrieta eta bertsolari talde jendetsu bat (Unai Iturriaga, Oihana Iguaran, Igor Elortza, Alaia Martin, Miren Amuriza...). Denen artean, mota guztietako gaiak eta estilo anitzeko hamar kantez osatutako diskoa osatu zuten. Balada erromantiko bat dago, Eskorbutori eskainitako himno gogor bat, jaietako doinu alaiak Marijaia goraipatuz... Aitak eta alabak elkarrekin abesten entzungo ditugu kanta batean.

Aitak nola hartu zuen opari hau? «Ez zekien ezer, dena sekretupean eraman nuen -alabak-. Gabonetan oparitu nion eta hiru egunetara alde egin nuen bidaia batera [aita hirugarren graduan dago egun]. Egundoko ezustekoa izan zen berarentzat, momentu oso berezia eta hunkigarria».