DEC. 01 2024 Euskararen «larrialditik indarraldirako bideari» ekitera deitu du Kontseiluak ‘Larrialditik indarraldira’ adierazpena plazaratu zuen atzo Kontseiluak, euskalgintzako eta kulturgintzako eragileen babesarekin. Euskara agenda politiko eta sozialaren erdigunean jarri eta neurri «egokiak» hartu ezean «atzeraldia» etorriko dela ohartarazi zuen. Mobilizazio batekin amaituko duten 2025a «garrantzitsua» izango dela iragarri zuen. Euskalgintzaren Kontseiluaren bazkideen ordezkariek egindako agerraldia. (Gorka RUBIO | FOKU) Alaia SIERRA ANDOAIN Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gizarte eragileen ordezkariak Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean bildu ziren atzo, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, ‘Larrialditik indarraldira’ izeneko adierazpenaren berri emateko. Idurre Eskisabel idazkari nagusiak hartu zuen hitza adierazpena irakurtzeko. Honen bitartez, 2025ean larrialdi linguistikotik «indarraldirako» bideari ekiteko beharra aldarrikatu zuten. Horretarako lehen eginkizuna euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea dela azaldu zuten. Horrekin, euskararen normalizazioa berriro «noranzko egokian» jarriko duen akordio soziopolitikoa bideratzeko erantzukizunean berretsi da Kontseilua. Hortaz, iragarri zuten 2025a «urte garrantzitsua» izango dela. Kontseiluak bere adierazpenean gogoratzen duenez, ELEN Europako Hizkuntzen Sarearen batzar orokorrean adierazi zuten, azaroaren 9an, euskara «larrialdi linguistikoan» dagoela». Gainera, nabarmendu zuen bere lurraldeko eremu zabal batean euskarari ukatu egiten zaiola ofizialtasuna. Eta ofiziala den eremuan, berriz, «euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, normalizazio eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra». Kontseiluak ohartarazi zuen «indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak» epe laburrean hartu ezean, «atzeraldia» etorriko dela. Testuaren arabera, «larrialdian gaudela esatea» ez da «arrangurarako dei bat» ezta etsipenerakoa ere. Aitzitik, «larrialditik indarraldirako bideari ekiteko lehen urratsa» da. Kontseiluaren iritziz, «garaiz gabiltza euskarari eta euskal hiztun komunitateari etorkizun oparo bat bermatzeko», eta horregatik, «buru-belarri» arituko da «larrialditik indarraldirako bidea bultzatzen, osatzen, egiten». Horretarako lehen eginkizuna, nabarmendu du, euskararen normalizazio eta biziberritzea «agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea» da, eta horretarako deia egin die erakundeei, agintariei, eragile politiko eta sozialei. «Lehen mailako auzi politikoa da, urgentea, eta erabakimenez heldu behar zaio». MOBILIZAZIOA 2025EKO ABENDUAN Kontseilua sinetsita dago; ziur da datorrena «urte garrantzitsua» izango dela euskararentzat eta euskal hiztunentzat, «larrialditik indarraldirako bideari ekingo diogulako, noranzko berri bati», baina bide horrek «guztion premia» duela argi utzi nahi izan du, «euskararen alde, hizkuntz berdintasunaren alde gaudenona eta, funtsean, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sinesten dugun guztiona». Horregatik, prozesu honetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, guztiok baitaukagu «ekarpenak egiteko aukera». Mobilizazio sozialerako gonbidapenak ere izango direla aurreratu zuen, eta 2025eko abendurako, Euskararen Egunaren testuinguruan, «mobilizazio sozial handi baterako» deia egingo duela iragarri du, «prozesu baten emaitza izango dena, eta ziklo berri baten abiaburu». «Itxaropen eta ekimenez jantzita jar gaitezen etorkizunera begira. Garaiz gabiltza. Bagoaz larrialditik indarraldirako bideari ekitera. Eskuz esku, besoz beso. Euskaraz bizi nahi dugu eta euskaraz biziko gara. Etorkizuna, euskaraz!» aldarrikatuz amaitu zen Kontseiluaren adierazpena. «GARAIZ GABILTZA»Kontseiluaren ustez, euskarari «etorkizun oparo bat emateko garaiz gabiltza». Izan ere, «larrialdian gaudela esatea» ez da «arrangurarako dei bat», indarraldirako lehen urratsa baizik.