GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Jendarte osoaren garaipena ere izan dadila


Bihar aldarrikatuko dute EHUko errektore hautetsi Joxerramon Bengoetxea, joan den astearteko hauteskundeen irabazlea. Duela hamasei urtetik lehen aldiz bi hautagai aurkeztu dira, sei urteko agintaldi baterako, eta inoizko parte-hartzerik handiena egon da. Testuinguru horretan Bengoetxeak lortutako emaitzak argi samar erakusten du botoen norabidea aldaketa nahiak seinalatua izan dela. Erronka ugari du aurretik talde berriak, eta ez du erraza izango, besteak beste, erakundearen kudeaketa bere eskuduntzetatik kanpoko faktoreen mende ere bai baitago.

EHUko sektore guztietan nagusitu da Bengoetxea, espero baino nabarmenago, batez ere ikasleenean, haien parte-hartzea, ohi bezala, txikia izanda ere; izan ere, ikasleen %14k baino ez zuen bozketan parte hartu, baina esanguratsua da ehuneko hori, aurreko hauteskundeetan %2 inguruk parte hartu zuela kontuan izanda. Erronkak ez dira gutxi, ezta txikiak ere. Irtengo den errektore-taldeak ez bezala, auzitegien bidearen ordez, negoziazioa lehenetsiko duela dio talde berriak. Negoziazioa unibertsitateko komunitate osoarekin, baina baita Gasteizko Gobernuarekin ere, eta haren diru-ekarpena jaso ondoren zer egin erabakitzera mugatu ordez, lehenbailehen finantzazioaren inguruko negoziazioak hasteko asmoa iragarri du. Ikasleen eta langileen parte-hartze handiagoari bide emango dion gobernantza irekiagoa; ordezko irakasleen, administrazio eta zerbitzuetako teknikarien eta ikertzaileen baldintza eskasak, euskara... ez dira falta arazoak eta heldu beharreko auziak. Hori guztia ez dago talde hautatu berriaren esku bakarrik, ordea, eta gauzatzeko aukerak ikusaraziko du, neurri batean, Administrazioarentzat norainoko lehentasuna den Unibertsitate publikoa.

Garaipen nabarmen eta sendoa lortu dute Bengoetxea eta bere taldeak, zilegitasun handia ematen diena, baina baita ardura handia ere. Emaitzen berri jakin bezain laster, Unibertsitateak irabazi duela esan zuen errektore hautetsiak. Baliteke, hala beharko luke, zientziak eta balioek bat eginda behar duten gunearen garaipena jendarte osoaren garaipena ere izango litzatekeen neurrian.