«‘Ez naiz erraz ohituko emakume ahots bat entzutera’, esaten zuten»
Abenduaren 14an txapela jantziko dio txapeldunari Donostiako Illunben. Plazan eta txapelketan aritutako emakumeetan lehenengotakoa da Arantzazu Loidi (Aretxabaleta, 1967). Hark kantatzen zuen garaian bere ahotsak eta kantaerak komentarioak pizten zituzten, eta ez beti gozoak. Finalean ikusiko den aniztasunak erakusten du bideak merezi zuela.
Almen ikastolaren bueltan sortutako bertso eskolan hasi zen kantuan. Eskoriatzakoa haurren lehen bertso eskola da eta aurten justu mende erdia bete du. Urteurren hori goratu nahi izan dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.
Gipuzkoako txapeldunari txapela jantziko diozu. Egiteko garrantzitsua, ezta?
Orain hasi naiz horrekin konturatzen, kazetariak gerturatu zaretenean [barrez]. Proposatu zidatenean, segituan esan nuen baietz, Almen bertso eskolaren urteurrena delako eta horrekin lotzen delako.
Bertso eskolan hasi zinenean ez zinen neskato bakarra.
Hasieran, taldea handiagoa zenean, baziren neska gehiago. Gero, taldea murrizten joan zenean, gero eta gutxiago. Irakasleek pentsatu zuten, oso lotsatia nintzenez, mesede egingo zidala neska gehiago izatea. Pixkanaka bakarra geratu nintzen. Zaletasun handia neukan eta lagun talde bateko kide sentitzen nintzen. Guk natural-natural bizi genuen.
Hizkuntzarekin jolastea gustatzen zitzaizun.
Bai, txikitatik. Erraztasuna izan dut hizkuntzarekin. Hori gauza bat da, eta bestea, plazara salto egitea. Herri mailako bertso saioetan hasi ginen. Goi mailako bertsolariak etortzen zirenean, gu ‘telonero’ aritzen ginen. Ume moko batzuk buruz ikasitako bertsoak bat-batekoak balira bezala kantatzen. Hori zen jendaurrera ateratzeko lehen unea.
Nola gordetzen da memorian jendaurreko une hori?
Buruz ikasitakoekin ez daukat oroitzapen txarrik, antzerki bat egitea bezalakoa zen. Babestuta sentitzen zinen. Txapelketa beste gauza bat da. Ni neu une horiek zein estu pasatzen nituen urte batzuetara konturatu nintzen, eskolarteko txapelketetan epaile ibili nintzenean. Epaile nengoela, haur batzuk gaizki pasatzen ikustea... Une latza da hori.
Umeen txapelketetan gauza batzuk agian gehiago zaindu daitezke; ez dezatela inor behartu, prest ez dagoenean. Askotan irakasleen eta gurasoen desiotik gehiago dago haurren gogotik baino... Hor badaude gauza batzuk aldatu daitezkeenak, inor ez dadin gelditu oroitzapen edo bizipen txar batekin.
Gipuzkoako txapelketako finalista batzuk oholtzan hazten ikusi ditugu.
Bai, eta orain, ikusten ditugunean, badakigu bidea egin dutela eskolartekotik hasita. Prozesu horiek zaindu egin behar dira umetatik. Bertsolaritza izan dadila desberdina, ez beste alor batzuek bezain lehiakorra. Nik futbolarekin konparatzen dut asko. Bertsolaritzan Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio txiki asko nahi izan dituzte gurasoek. Ez dadila hori izan. Izan dadila benetan gozatu nahi duten bide bat. Guk ere bizitu genuen hori, baina hala ere oroitzapen oso onak dauzkat, guri bertsolaritzak lagunarte bat eman zigulako. Eta hori da ume baten desioa. Horrek, lagun talde batek, atxikiko du bertsolaritzara, bertsolari edo bertsozale bezala. Gure kasuan horrela izan da, eta baita beste bertsolari askoren kasuan ere.
Neskato bakarra zinen zu eta komentarioak entzuten zenituen. Esan izan duzu une horretan ez zenuela gaizki pasa.
Ez. Ni lagunartean eta gustura nengoen. Nire herriko taldearekin ondo eta, eskolartekoetan, beste herrietako bertsolariekin, ondo. Lagun talde bat ginen. Barruan ez nuen desberdinaren kontzientzia, kanpotik jakinarazten zidaten hori. Batez ere adineko jendeak egiten zituen komentarioak; ‘Ez naiz erraz ohituko emakume ahots bat entzutera’, eta antzekoak.
Ematen du plaza utzi eta gerora hartu duzula bizi izan dituzunen kontzientzia.
Bai. Une horietan, gainera, entzuten nituen gauza batzuei erantzuteko gaitasunik ez neukala sentitu dut. Adibidez, behin kazetari batek esan zidan, ‘badakit ez duzula irabaziko, baina, emakumea zarenez, elkarrizketa egingo dizut’. Gaur erantzun egingo nioke: ‘Bada, zuretzat elkarrizketa’. Baina une hartan, 16-17 urterekin, eskolartekoan...
Hartu duzun bide profesionalak akaso lagundu dizu gauza horiekin konturatzen.
Hogeitaka urte daramatzat garapen pertsonalean lanean, jendeari laguntzen bere buruaren ezagutzan, heldutasun afektiboan, sendotasun pertsonalean... Hor, nik neuretzat egin dudan prozesu horretan, konturatu naiz urte askotan oso gaizki pasatu dudala. Berez nintzen estua, eta bertsotan, estuagoa. Gure irakasle batek esaten zuen bezala, gure taldeko batzuek, gaizki kantatu baino, nahiago genuen isilik geratu, estuasun edo perfekzionismo horretan. Eta jendaurrean estuasunak pasatu ditugu. Ume-umetan guretzat ez ziren gaiei kantatu behar izan genien. Gaur egun uste dut hori gehiago zaintzen dela, baina garai hartan helduei jartzen zizkietan gai berak jartzen zizkiguten guri. Gerora konturatu naiz zer tentsio pasatu ditudan.
«Gaizki kantatu baino, nahiago isilik», aipatu duzu. Oraindik emakume askori gertatzen zaio. Zama bat da, ezta?
Bai. Eta horrek askotan blokeatu egiten gaitu bertsoa pentsatzeko unean, kantatzeko unean... Eta, gainera, beste baten ahotsera egokitzen aritu behar baduzu, edo tonuarekin arazoak badituzu, edo ohartzen baldin bazara oholtzan kontrapuntu bat zarela... bada, pentsa. Gaur egun bakoitza den bezalakoa da gehiago. Gure kasuan hasieran agian ez ginen konturatzen, baina bagenuen presio bat, ez nik bakarrik. Presio hori ez da desagertu, ikusi besterik ez dago zein maila ematen ari diren emakumeak, kopuruz eta kalitatez.
Tira, ohituko ez ziren haiek honezkero ohituko ote ziren emakume ahotsera.
Finalean emakumeak izango dira eta ez da deigarria izango. Lehen ere gure helburua hori zen, neska-mutil joko horretatik aparte, izen-abizendun sortzaileak ikustea, pertsonak ikustea. Eta uste dut hori lortzeko bidean gaudela.
Bizi izandakotik eta bidean ikasitakotik, zein aholku emango zenieke finalistei?
Lasai joateko eta izan daitezela direna. Andoni Egañak esaten omen du final batean lasai egoteko modua garrantzia kentzea dela. Bai, han dagoen jendearentzat garrantzitsua da, gertaera garrantzitsua da euskaldunontzat, baina finala eta gero bizitzak jarraitu egiten du.
Gutxi hitz egiten da txapelketan bertsolariek sufritzen dutenaren inguruan.
Tentsioa asko somatizatzen da. Gustura jakingo nuke bakoitzak nola somatizatzen duen. Ni akordatzen naiz saio normaletan edo txapelketako saioetan nolako tentsioa pilatzen zitzaidan hanketan eserita nengoen bitartean eta nolako mina izaten nuen gero. Prebenitzeko neurri batzuk har daitezke, eta seguru nago bertsolariek pertsonalki neurri horiek hartzen dituztela, kirolarien moduan. Hainbeste jenderen aurrera irten eta inprobisatu beharra ez da samurra. Oso trebatuta egon arren eta abilidade handia izan arren, tentsio bat derrigor sortu behar du horrek.
Nolako finala espero duzu?
Final beroa espero dut, eta hori desio dut, gainera. Bertsolariak senti daitezela giro gozoan eta jendearen babesarekin. Eta maila ona espero dut.