Floridara hedatuko da Jai Alai Liga
Jai Alai Ligak beste urrats bat egin du hirugarren denboraldi honetan. Euskal Herria bere osotasunean ardatz duen txapelketak Ameriketako Estatu Batuetara jauzi egingo du. Otsailean jokatuko da ‘Biscayne Cup’ txapelketa Floridako Dania Jai Alai pilotalekuan eta puntuagarria izango da Jai Alai Ligarako. Master kategoria izango du, eta han lehiatuko den bikoteetako bat Floridako denboralditik sailkatuko da.
«Liga Euskal Herrian egonkortu eta, orain, itsasoa zeharkatu eta Estatu Batuetaraino iristea, bertako frontoi baten Master bat jokatzea Jai Alai Ligarentzat aurrerapauso oso garrantzitsua da», onartu dio NAIZi Iñaki Osa Goikoetxeak, Eraman Jai Alai enpresako kirol zuzendariak. Puntista ohia Donibane Lohizuneko Herriko Etxean egindako aurkezpenean egon zen. Bertan izan zen Daniako frontoiko intendente eta puntista ohi Benny Bueno, bai eta lau Slam garrantzitsuetako ordezkariak ere (Gernika, Biarritz, Paue eta Donibane Lohizune).
Benny Buenok adierazi du «ohore bat» dela Jai Alai Ligaren parte izatea, hain justu Jai Alai Estatu Batuetara iritsi zela mende bat bete denean. 1924an Miamin ireki zen ‘Biscayne Frontón’ izeneko pilotalekua eta, keinu bezala, txapelketa honek izen hori hartuko du. «Goikoetxea eta biok oso lagunak gara. Sarri hitz egiten dugu elkarrekin. Beraiek Euskal Herrian egiten ari direnaz eta gu Floridan egiten ari garenaz mintzatzean, hobetzeko zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. Gernikan Winter Series jokatzen ari diren pilotariak berotuta daudenez, hau amaitu eta segidan Floridara eraman eta hango zale guztien aurrean jokatzea ideia ona izan zitekeela ondorioztatu genuen», esan dio Buenok NAIZi.
Gainera, Daniako pilotalekuan jokatzen ari den denboraldiarekin ere lotura izango du, bertako aurrelari eta atzelari onenak zuzenean sailkatuko baitira ‘Biscayne Cup’ masterra jokatzera. Euskal Herritik beste hiru bikote joango dira, eta astebeteren buruan bi finalerdi eta final batekin osatuko da torneoa.
ALDAKETA GEHIAGO
Jai Alai Ligaren hazkundea Floridara hedatzeaz harago doa, aurten 31 txapelketa jokatuko baitira 12 egoitza ezberdinetan. Egonkortu egingo dira (Bilboko Iron Cup ETBk emango du zuzenean), Masterrak hirukoiztu egingo dira (17 izango dira orotara) eta bost Series edo sailkapen proba jokatuko dira.
Honekin batera, sailkapena proportzionalagoa izateko xedez, pilotari bakoitzak gehienez ere sei Slam eta zortzi Masterretako puntuak batu ahal izango ditu, nahiz eta proba gehiagotan lehiatzeko aukera eduki.
Bestalde, Donibane Lohizuneko Cesta All Star-eko formatua aldatu eta kinielatan jokatuko da.